Alkate berdinak, korporazio berriekin

Kronika - Erredakzioa 2023ko eka. 17a, 00:00

Maiatzaren 28an bozkatu zuten Urumea bailarako herritarrek, 2023-2027 legealdian Udaleko ordezkariak aukeratzeko. Gaur, hautatutakoek kargua hartzeko Plenoa egingo dute, bailara osoan zehar, hau da, Aranon, Astigarragan, Goizuetan eta Hernanin.

Goiztiarrena izango da Arano, goizeko 09:00etan eratuko baita Plenoa eta bertan hartuko du kargua, Joxan Ruizek (Herri Aierriz). Goizuetan, 10:30etan bilduko da Plenoa, Unai Miranda (EH BILDU) alkate izendatzeko. Hernanin, aldiz, 12:30etan hasiko da Xabier Lertxundi (EH BILDU) alkate izendatuko duen Plenoa; eta Astigarragan, ordubete beranduago, Xabier Urdangarinek (EH BILDU) hartuko du kargua 13:30etan.

Urumea goiko herrietan ez da espero inongo ezustekorik, Pleno lasaiak espero dira eta aurreko legealdiko lau alkateak errepikatuko dute karguan. Beraz, lehenengo aldiz lau herrietan alkatea berdina aukeratuko da. Inoiz ez zuten Urumea bailara osoan alkate berdinek errepikatu, baina oraingoan lau alkateek bigarren legealdia izango dute aginte makilarekin.

Aginte makila ez da eskuz aldatuko, baina aurpegi berriak izango dira korporazio ezberdinetan. Gobernu taldeetan eta oposizioetan lehenengo esperientzia izango dute batzuek eta horrek haize berriak ekarriko dituzte udaletara.

EH Bilduk gehiengo absolutoa izango du Goizuetan, Hernanin eta Astigarragan, baita Herri Aierrizek Aranon. EAJ izango da oposizioko alderdi nagusia Hernanin eta Astigarragan.

Aurretik lau urte izango dituzte proiektu eta programak egikaritzeko eta herritarren zerbitzura lan egiteko. Gaurko Plenoetan hasiko dute ibilbidea.

 

 

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!