Astigarragak Herriarteko finala jokatuko du Mutrikuren aurka

Kronika - Erredakzioa 2023ko eka. 17a, 00:00

Astigartarrek buelta eman zioten Donostiaren aurkako kanporaketari eta Hernani kanporatua izan zen.

Astigarragak Herriarteko finala jokatuko du datorren igandean, ekainaren 25ean Azkoitin, 11:00etatik aurrera, Mutrikuren aurka gomazko paletan. Astigartarrek buelta eman zioten finalerdietako kanporaketari, Donostiaren aurka, Txomiñenen. Joaneakoan 2-1 galdu zuten eta sei tantoren desabantaila zuten. Ostegunean 2-1 irabazi zuten astigartarrek, kanporaketa hiruna berdinduz, eta 18 tantoren aldea lortu zuten. Beraz finalera sailkatzea lortu zuen Astigarragak.

Ez zuen zorte bera izan Hernanik. Mutrikuren aurka 3-0ko desabantaila zuten eta nahiz eta itzulerakoan 2-1 irabazi, ostegunean, kanporatuak izan dira 4-2ko emaitzarekin. 

 

Salaberriak bideratu zuen eta Urdangarinek eman zion sailkapena Astigarragari

Astigarragan azken partiduan, zazpi t'erdian banaka erabaki zen dena. Ganix Urdangarinen esku zegoen sailkapena. Joanekoan 12-20 gainditu zuen Elejalde eta markagailua errepikatzearekin nahikoa zuen, 13 tantoan utzi behar baitzuen aurkaria sailkatzeko. 13an bakarrik ez, bi tantotan bakarrik utzi zuen eta 20-2ko markagailuarekin ondo sailkatu ziren astigartarrak. Banaka Asier Salaberriak bideratu zuen sailkapena, lehenengo partiduan Aroztegiri 20-16 irabazita. Joanekoan Aroztegik 7an utzi zuen Luluaga. Binaka Mikel Txoperena eta Beñat Zubiarrainek galdu egin zuten, baina tanto sorta ederra lortu zuten, 16. 

 

Hernanik ezin izan zuen miraria gauzatu

Hernanik itzulerakoan paper ona egin zuen, baina ez zen nahikoa izan sailkatzeko. Manterolak 20-14 irabazi zuen banaka. Binaka, Galartzak eta Zurutuzak, 6-20 galdu zuten eta aukera urriak guztiz joan ziren. Azkenengo partiduan, zazpi t'erdian, Arandiak 20-7 irabazi zuen.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!