Botilako aurtengo sagardoa aurkeztu zuten atzo Chillida Leku museoan

Kronika - Erredakzioa 2023ko eka. 15a, 00:00

Sagardogileak, Euskal Sagardoaren arduradunak eta erakunde publikoetako ordezkariak, atzo goizean Chillida Lekun.

Bertan elkartu ziren Euskal Sagardoa Jatorri Deiturako arduradunak, erakunde publiko ezberdinetako ordezkariak eta sagardogileak.

«Garrantzitsua iruditzen zaigu botilako sagardoa aurkeztea, txotx denboraldiarekin egiten dugun bezala. Izan ere, orain dago produktua bukatuta», nabarmendu zuen Unai Agirrek, Euskal Sagardoa Jatorri Deituraren koordinatzaileak, atzo goizean Chillida Leku museoan. Eta hain justu, horretarako elkartu ziren bertan Euskal Sagardoaren arduradunak, erakunde publiko ezberdinetako ordezkariak, eta nola ez, sagardogileak. Irudi ederra osatu zuten, merkaturatu dituzten sagardo guztiekin: «Gero eta barietate haundiagoa daukagu, eta haunditzen doa familia. Euskal Sagardoak eta Premiumak dauzkagu, baina baita ere sagar bakarrekoak, apardunak, latak...». Katalogo osoa dago eskuragarri euskalsagardoa.eus webgunean.

2022ko sagar uzta «txikiagoa» bai, baina «izaera haundikoa» izan zela nabarmendu zuen Unai Agirrek; eta hori horrela, «gorputz haundiko sagardoak» egin dituztela azaldu zuen Oihana Gaincerainek, Euskal Sagardoaren lehendakariak: «Kolore hori iluneko sagardoak dira, eta bilakaera luzea izango dutenak». Xabier Lertxundi Hernaniko alkateak ere hartu zuen hitza: «Produktu baten emaitza ikusiko dugu orain, baina kontuan izan behar dugu zer dagoen horren atzean. Nekazaritza, baserriak... Gure izaeraren parte da. Eta txotx garaitik kanpo ere, gozatzeko produktu bat da sagardoa».

Euskal Sagardoa osatzen duten 50 sagardogileen 80 sagardo aurkeztu zituzten Chillida Lekun, 250 sagargileren sagarrekin egindakoak. Guztira, 2 milioi kilo sagar bildu dituzte, eta 1,2 milioi litro Euskal Sagardo egin. Amaia Zubeldiak, Sagardoa Routeko arduradunak, nabarmendu zuen txotx denboraldi ona izan dela aurtengoa, eta «%20 haunditu» dira sagardotegien erreserbak, «irteera, dastatze eta bisita gidatuei dagokienean». Bezeroen kontsumo ohituretan ere nabaritu dute joera aldaketa: «Eguerdiko zerbitzuak igo dira, eta gauekoak jaitsi». Zubeldiak berak azaldu zuen, udari begira «agenda betea» daukala Sagardoa Routek, dastatze gidatuak, sagardotegietara bisitak, eta kirol eta kultur ekintzak tarteko. Eta jakinarazi zuen, sagardoa.eus webgunean dagoela ikusgai, udan zehar irekita egongo diren sagardotegien eskaintza osoa.

Ondoren, hainbat erakundetako ordezkariek hartu zuten hitza. Daniel Solanak, Basquetourreko zuzendariak, nabarmendu zuen «jarduera eta esperientzia berriak» eskaintzen jarraitzeko beharra, «sagardogintzari lotuta». Turismoari dagokionez, urte ona izango dela aurreikusi zuen, «eta badaukagu nahikoa osagai, kanpotik datorrena hunkitzeko, modu jasangarrian gainera». Xabier Arrutik, Gipuzkoako Foru Aldundiko Nekazaritza Saileko zuzendariak, azaldu zuen hiru erronka dauzkatela: «Sagarraren ekoizpena haunditzea; produktibitatea lantzea, ekoizpen hobea eta eraginkorragoa lortuz; eta kalitatea». Eta horrekin batera, azpimarratu zuen «ekoizleen ahalegina, sagardoa izan dadin maila goreneko ardo». Bizkaiko Foru Aldundiaren ordezkari gisa, Amaia Antxustegik hartu zuen hitza, iraunkortasuna eta ingurune naturala zaintzeko foru diputatuak: «Errekonozitu nahi dugu sagargile eta sagardogileak egiten ari diren lana, eta uste dugu ezinbestekoa dela haien eta erakundeon arteko elkarlana». Eta azkenik, ildo beretik mintzatu zen Raul Pérez de Iratxeta, Eusko Jaurlaritzako Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendaria: «Oso harro eta pozik gaude Euskal Sagardoaren ibilbidearekin. Eta nabarmendu nahi dugu sektoreak izandako garapena, kalitatea, izaera propioa eta formakuntza. Segi bide horretatik, eta gure laguntza izango duzue».

Aurkezpen ekitaldiaren ondoren, jan-edanerako tartea egin zuten Chillida Lekun. Bertako Lurra kafetegian, dastatu zituzten aurtengo Euskal Sagardoak, eta baita Basatxerriren txerrikiak ere. Gainera, Kukai dantza taldearen emanaldiaz eta bideoaz gozatu zuten, sagarretik botilarainoko bidea azaltzen zuena.

 

Prezioen igoerari buruz zuzenketa, Euskal Sagardoak

Botilako sagardoa aurkeztearekin batera, abenduan zabaldu zuen prentsa oharrari zuzenketa egin nahi izan dio Euskal Sagardoak, prezioen igoerari dagokionez: «Lehiaren Euskal Agintaritzak espedientea ireki dio Euskal Sagardoari, abenduan zabaldutako oharrak zioelako Euskal Sagardoaren igoera %25ekoa izango zela gutxi gorabehera, eta Agintaritzaren ikuspuntutik, alderdi horren isla zezakeelako Kontseilu Arautzailearen balizko prezioen igoera. Euskal Sagardoak baieztatu nahi du, bere asmoa zela ekoizpen kostuak batazbeste %25 igo direla iragartzea, produktuaren azken prezioan eragin nahi izan gabe. Alde horretatik, Kontseiluak berretsi egiten du lehia-eskubidea betetzeko konpromisoa, eta agintariekin lankidetzan aritzeko prestutasuna».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!