Gaur jokatuko dute Herriartekoaren finalerdietako bueltakoa, etxean, Astigarragak eta Hernanik

Kronika - Erredakzioa 2023ko eka. 15a, 00:00

Beñat Zubiarrain, Zumarragaren kontrako kanporaketan, Txomiñenen.

Hernaniarrek ia ezinezkoa daukate Mutrikuri irabaztea, baina astigartarrek badute aukera Donostiaren kontrako lehiari buelta emateko.

Gaur iluntzean izango dira denboraldiko hitzordu garrantzitsuenetako bi, palako lehiari dagokionez, Astigarragan eta Hernanin: Herriarteko Txapelketan, semifinaletako bueltako partiduak jokatuko dituzte.

Arratsaldeko 19:30etan hasiko du bere kanporaketa Hernanik, Mutrikuren kontra, kiroldegiko frontoian. Ia ezinezkoa dauka finalera sailkatzea, joanekoan hiru partiduak galdu eta 30 tantoren desabantaila pilatuta; baina gaurkoan partidu denak irabazteko ahalegina egingo dute behintzat, hainbat aldaketarekin: Mikel Manterola ariko da banaka frontoi osoan; Iker Zurutuza eta Imanol Galartza binaka; eta Ander Arandia banaka zazpi barruan.

Finalera sailkatzeko aukera gertuago dauka Astigarragak, joanekoan 2-1 galdu arren, Donostiaren kontra. Astigartarrek soilik 6 tantoren aldea daukate kontra, eta 20-19 galdu zuten binakako partidua, oraingoz kanporaketa donostiarren aldera desorekatu duena.

Hori horrela, gaurkoan bi partidu irabazita, lortutako tantoen aldea erabakigarria izan daiteke, pasea lortzeko. Txomiñenen jokatuko dute, gaueko 21:00etan hasita; eta konfiantzaz gainezka ariko dira astigartarrak. Izan ere, gaur jokatuko duen laukoteak, partidu guztiak irabazi zituen Txomiñenen, final laurdenetan. Bueltan izango da Asier Salaberria berriro, eta banaka jokatuko du frontoi osoan, kanporaketa Astigarragaren aldera bideratzen saiatzeko. Binaka, ohi bezala, Mikel Txoperena eta Beñat Zubiarrain ariko dira, lehia parekatua oraingoan beraien aldera ekarri nahian. Eta Ganix Urdangarinek jokatuko du zazpi barruan beste behin, aurreko astean 12-20 nagusitu ondoren.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!