Epea zabalik gaurtik, Ugaldetxoko aisialdi gunean tokia erreserbatzeko

Kronika - Erredakzioa 2023ko eka. 13a, 00:00

Ugaldetxoko aisialdi gunea erabilgarri izango da uda honetan ere.

Aurten ere zabalduko dute udan, ekainaren 15etik irailaren 24ra. Erreserbak online egin behar dira: 'hernani.eus'.

Hirugarren urtez jarraian, Ugaldetxoko aisialdi gunea zabalduko dute udan, erreserben bitartez tokia kudeatuta. Ekainaren 15etik irailaren 24ra bitarte egongo da zabalik, egunero; eta gaurtik aurrera izango da erreserbak egiteko aukera. Horretarako, horri eskainitako txoko bat prestatu dute Hernaniko Udalaren webgunean: hernani.eus/ugaldetxoko-aisialdi-gunea.

Webgunean bertan ageri dira erreserbak egiteko formularioa, eta aisialdi gunearen erabilera arauak. Ibilgailuz joaten direnek egin beharko dute erreserba aldez aurretik, eta gehienez ere hiru egun lehenago egin daiteke. Hasiera batean, egun osorako izango da erreserba, eguerdiko 12:00etatik 20:00etara; baina ordutegia aldatzeko aukera aurreikusi dute, ibaian eta ingurune horretan jarrera desegokiak identifikatuz gero. Gainera, Udalak gogorarazi du beharrezkoa dela erreserba ezeztatzea, egunean bertaratzerik ez duenak.

40 ibilgailurentzat izango da tokia, eta Ugaldetxo tabernako aparkalekua ere erabiliko dute. Aisialdi guneko kotxe kopurua gutxituko dute horrela. Komunak ere jarriko dituzte gunean, eta aurten komun lehorrak izango dira, berrikuntza gisa. Bizikletaz doazenek, berriz, erreserbarik egin gabe izango dute aukera aisialdi gunera sartzeko, irekita dagoen bitartean. Eta berdin oinez doazenentzat ere, Hernani-Goizueta autobus zerbitzua erabilgarri izango baita astean zehar.

  

Egitasmo bateratuak, ibaiaren iraunkortasunari begira

Uda garaian martxan jarriko den egitasmoetako bat da Ugaldetxoko aisialdi gunekoa, Urumea bailararen eta ibaiaren inguruko garapen iraunkorrari be­gira. Izan ere, modu koordinatuan ari dira lanean Hernaniko, Ereñotzuko, Aranoko eta Goizuetako Udalak, Urumea Arnastu lan mahaiaren testuinguruan; eta ingurune naturala errespetatzeko sentsibilizazio ekintzak gauzatuko dituzte datozen hilabeteetan. Ugaldetxon bertan, informatzaileak egongo dira aisialdi gunean.

Horren harira, gogorarazi dituzte Urumea bailaran indarrean dauden arauak: debekatuta dago sua piztea, barbakoa egitea, akanpatzea, eta txakurrak aske ibiltzea; sortutako hondakinak bildu eta eraman egin behar dira; ibaian ezin da tresnarik garbitu; eta animaliak, landaredia eta ingurune naturala errespetatu behar dira.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!