Herriartekoan, San Joan Torneoan eta Berria Txapelketan, zita inportanteak

Kronika - Erredakzioa 2023ko eka. 10a, 00:00

Imanol Ormazabal astigartarra eta Oier Arsuaga hernaniarra.

Eskuzko Herriartekoaren final laurdena jokatuko du Goizuetak gaur, eta palakoaren finalerdia Astigarragak bihar. Hernaniko frontoian, berriz, maila haundiko partiduak jokatuko dira eskuz.

Asteburu potoloa izango da, beste behin, bailarako pelotarientzat. Herriarteko Txapelketan, zita garrantzitsuak izango dituzte. Batetik, palaz, bihar jokatuko du finalerdietako joanekoa Astigarragak, Donostiaren kontra, 09:00etan hasita Loiolan. Hernanik atzo iluntzean jokatu zuen joanekoa, Mutrikun. Eta bestetik, eskuz, final laurdenetako kanporaketa izango du Goizuetak gaur, Iruñearen kontra, 10:30etan Labriten. Kanporaketa gogorra daukate, finalerdietara sailkatzeko.

Eskuzko lehiarekin jarraituta, lau t'erdiko San Joan Torneoko hiru finalerdi jokatuko dira gaur Hernaniko kiroldegiko frontoian, 11:30etan hasita. Infantil mailan, Oier Arsuagak eta Amets Makatzagak jokatuko dute elkarren kontra aurrenekoan, eta Imanol Ormazabal eta Lier Zugasti izango dira aurrez aurre bigarrenean. Eta kadeteetan, Martin Alberdik eta Ekhi Osesek jokatuko dute, finalerako txartelaren bila.

Hernanin bertan, Berria Txapelketako bi kanporaketa jokatuko dira bihar, 17:00etan hasita. Aurrena, emakumezkoen torneoko bigarren finalerdia jokatuko dute Larrartek eta Erasunek, Aranbururen eta Capellanen kontra. Maila haundiko partidua eta parekatua espero da. Eta ondoren, gizonezkoen azkeneko final laurdena jokatuko dute Azpeitiko Ilunpek eta Tolosak. Kasu honetan ere, kanporaketa berdindua espero da, kadete, jubenil eta senior mailako pelotari onenetakoak tartean direla.

 

Gaztetxoentzat ate irekiak Hernanin, datorren astean

Datorren asterako, berriz, ate irekien saioak antolatu ditu CD Hernaniko esku pelota sailak, 9 urtetik gorako neska-mutilentzat. Asteartean eta ostegunean izango dira, ekainaren 13an eta 15ean, arratsaldeko 15:30etatik 16:30etara, kiroldegiko frontoian.

Neska eta mutil guztiei luzatu diete gonbitea, animatu eta probatzera gerturatzeko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!