Herritarren eskutik 'Eulizakuaren zarata' Biterin ozen entzungo da ostegunean

Kronika - Erredakzioa 2023ko eka. 10a, 00:00

'Eulizakuaren zarata' obran parte hartuko duten herritarrak, Biteri aurrean.

Antzerkia Hernaniko herritar talde batek antzeztuko du, 20:30etan Biteri kultur etxean. Euskeraz izango da eta gaztelerara eta zeinu hizkuntzara aldibereko itzulpena egongo da. Indarkeria matxista jartzen du erdigunean.

Datorren ostegunean aurkeztuko dute Hernanin, ekainaren 15ean, Eulizakuaren zarata antzezlana. Hernaniko herritar talde batek antolatu eta antzeztuko du, arratsaldeko 20:30etan hasita, Biteri kultur etxean. Euskeraz izango da, eta gaztelerara eta zeinu hizkuntzara aldibereko itzulpena egingo dute. Sarrera dohainik izango da, eta gonbidapenak hartzeko Kulturarteko Plaza Feministara edota Kide tabernara jo beharko da. Horrez gain, proiektua ekonomikoki sostengatzeko txapak eta poltsak jarriko dituzte egunean bertan herritarren eskura.

Eulizakuaren zarata antzezlanean, «herria eulizakua da. Eraso eta indarkeria matxista berriz, zarata. Komunitatearen papera: eulizakua. Nor izan da? Zarata. Indarkeriaren etenik gabeko gurpila: eulizakua. Zer egin dio? Zarata. Normalizatua, barneratua, etengabe erreproduzitzen duguna: eulizakua. Nola eten zirkulua?».

Antolatzaileek sormen prozesua nola izan den azaldu dute. «Duela urte batzuk, indarkeria matxistako eraso batzuen kudeaketarako prozesu komunitario bat abiatu genuen. Urte hauetan zehar, hainbat urrats eta lanketa ezberdin egin dira arlo horretan, eta ikasturte honekin batera prozesua ixtera goaz. Prozesuan zehar landutakoak hernaniarrekin eta herritarrekin modu zabalagoan partekatzeko asmoz sortu da antzerkia egitearen ideia, eta eraso matxista askotarikoen aurrean bizi ohi diren egoera ezberdinak herritarrei aurkeztea dugu xede».

Antolatzaileek antzerkia ikusi eta bertan aurkeztuko diren egoerez denon artean hausnartzera gonbidatu nahi dituzte hernaniar guztiak.

 

Indarkeria matxista egoerak beti fisikoki gertatzen direla uste du jendeak

Garrantzitsua da jakitea autodefentsa feminista ez dela bakarrik fisikoa. Indarkeria matxista egoerak beti fisikoki gertatzen direla uste du jendeak, eta hori ez da horrela, psikologikoki ere jasaten baitira. Erasoa ezagutzen jakin behar dugu. Egoera horietako batzuk identifikatu daitezke Eulizakuaren zarata antzezlanean eta herritarrek horiek ikusiko dituzte Biterin. 

 

Trukerako arropa azoka eta puntu eta kitto gaur goizean Astigarragan

Harituzek puntu topaketa antolatu du Kontxa Etxeberria plazan, eta trukerako azoka izango da Emakumeon Etxean.

Astigarragan egun eta ordu berean, gaur 11:00etatik 13:00etara, bi ekitaldi antolatu dira. Gaur Emakumeon Etxean trukerako arropa azoka izango da eta Kontxa Etxeberria plazan Puntu eta Kitto topaketa antolatu du Harituz elkarteak. 

Jendaurrean Ehuntzeko Nazioarteko Eguna ospatu eta puntua egiteko elkartuko dira Kontxa Etxeberria Plazan. Ahalik eta jende gehien animatu nahi du Harituzek, topaketa arrakastasua izan dadin. 

Bitartean, arropa trukerako azoka jarriko dute Emakumeon Etxean, ehungintza industriaren lan-baldintzez, ekoizpenaren kalte ekologikoaz eta kontsumo ereduaz hausnartu ondoren.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!