Produktu bizia da sagardoa. Hori du grazia. Naturaren esku gaude eta urte batetik bestera dezente aldatu daitezke sagardoak. Gure lana da uzta bakoitzaren ezaugarri, usain eta zapore onenak zainduz, haien kalitate potentzial onena garatzea, zuku onena ateratzea. Eta emaitza ez da beti berdina izaten.
Aurtengo sagardoa jende askok gozatu du txotxean, eta orain, botilaratu dugunean, batzuek ez dute ulertzen gorputz, kolore edo ama gehiago edukitzea. Sagardo batek ama edukitzea naturala da. Sagardo batzuk gorrixkak izatea naturala da... Ikas dezagun naturaren graziaz gozatzen.
Gero eta irekiago gaude denok sagardo mota ezberdinetara. Etxean ekologikoa egiten hasi garenetik, ikasi dugu sagardoan ere, fruta eta barazki onenetan bezala, inperfekzioan dagoela grazia. Ireki ditzagun zentzumenak naturaz gozatzeko.

