Herriartekoaren finalerdia gaur Hernanik, eta igandean Astigarragak

Kronika - Erredakzioa 2023ko eka. 9a, 09:06

Mutrikun jokatuko dute hernaniarrek gaur, iluntzeko 20:30etan hasita; eta Donostiako Loiola auzoan ariko dira astigartarrak igandean, goizeko 09:00etatik aurrera.

Finalerdietara iritsi dira Hernani eta Astigarraga, palako Herriarteko Txapelketan; eta asteburu honetan jokatuko dute joanekoa, biek ere etxetik kanpo.

Mutrikun ariko da Hernani gaur, iluntzeko 20:30etan hasita. Ander Arandiak jokatuko du banaka frontoi osoan; Iker Zurutuza eta Ion Beloki ariko dira binaka; eta Alain Agirrek jokatuko du banaka zazpi barruan. Ahalik eta emaitza onena eskuratzen saiatuko dira hernaniarrak, bueltakoan finalerako pasea lortzeko.

Astigarragak, berriz, igandean dauka hitzordua. Donostia izango da kontrarioa, aste honetan zehar Zumarragari bueltako hiru partiduak irabazi ondoren. Loiola auzoan jokatuko dute semifinaletako joanekoa, igandean goizeko 09:00etan hasita. Astigarragaren aldetik, Axier Luluagak jokatuko du banaka frontoi osoan; Mikel Txoperena eta Beñat Zubiarrain ariko dira binaka; eta Ganix Urdangarinek jokatuko du banaka zazpi barruan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!