Txomin Perurena hil da, Bentetako semea eta JOCCeko txirrindulari ohia

Kronika - Erredakzioa 2023ko eka. 9a, 08:52

Txomin Perurena, elkarrizketa batean. Argazkia: EITB

Atzo hil zen Txomin Perurena txirrindulari ohia, 79 urterekin. 158 garaipen lortuta, euskal ziklista ezagunenetakoa da. Lotura zuzena zeukan Astigarragarekin eta Hernanirekin.

Dolu egunak bizi ditu euskal txirrindularitzak. Atzo hil zen Txomin Perurena txirrindulari ohia, 79 urte zituela. 1963tik 1979ra aritu zen profesional mailan, eta 158 garaipen lortu zituen. Hori horrela, euskal txirrindulari ezagunenetakoa da.

Lotura zuzena zeukan Perurenak, Astigarragarekin eta Hernanirekin. Oiartzuarra izatez, Altzibar auzoan jaiotakoa, Astigarragako Bentetara joan zen bizitzera familiarekin, eta bertan jarri zuten martxan Perurenako benta, gaur egun inguruari izena ematen diona. Gainera, Hernaniko JOCC Peña Otaño izan zen bere aurreneko taldeetako bat. Jubenil mailan aritu zen bertan, Paulino Goikoetxearen zuzendaritzapean. Bost egun lehenago hil zen Goikoetxea bera.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!