Bueltakoan erakustaldia emanda, Herriartekoaren semifinaletara sailkatu dira Astigarraga eta Hernani

Kronika - Erredakzioa 2023ko eka. 6a, 00:00

Mikel Txoperena, pelotari jotzeko prest, igandean Txomiñenen.

3-0 nagusitu ziren biak etxean, eta aurrera egin dute. Datorren asteburuan ekingo diete semifinalei. Mutrikuren kontra ariko da Hernani, eta Astigarragak datozen egunetan jakingo du zein duen aurkari: Donostia edo Azkoitia.

Abantailarekin ekin zioten Astigarragak eta Hernanik, Herriarteko Txapelketan, final laurdenetako bueltakoari; baina horri heldu beharrik ez zuten izan: erakustaldia emanda, 3-0 nagusitu ziren biak etxean, eta semifinaletara sailkatu dira.

Ostiralean jokatu zuen Hernanik, Zestoaren kontra, kiroldegiko frontoian; eta hasieratik izan zen borobila jaialdia. Joanekoan galdu egin zuen Mikel Manterolak buruz buru, Rodriguezen kontra; baina etxekoen babesarekin, 20-17 nagusitu zen bu­eltakoan. Horrela, binaka irabazita ziurtatua zeukan pasea Hernanik, eta halaxe egin zuten Imanol Galartzak eta Iker Zurutuzak, Etxabe eta Odriozola menderatuta (20-17). Hori gutxi balitz, kanporaketa erabakita zegoela, ikuskizuna eman zuen Alain Agi­rrek banaka zazpi barruan, Odriozolari irabazteko (20-5).

Beste horrenbeste egin zuen Astigarragak, igandean Txomiñe­­nen, Zumarragaren kontra. Lesi­o­tik bueltan, buruz burukoan na­gusi izan zen Asier Salaberria, eta 20-13 menderatu zuen Rodriguez, pasea bideratzeko. Eta sailkapena ziurtatu baino gehiago egin zuten astigartarrek, beste bi par­tiduetan: Mikel Txoperenak eta Beñat Zubiarrainek 20-4 irabazi zieten Agirreri eta Egibururi; eta zazpi barruan 20-9 nagusitu zi­tzaion Ganix Urdangarin Vianari.

Datorren asteburuan hasiko dute semifinaletako kanporaketa, biek ere etxetik kanpo. Hernanik Mutriku izango du kontrario, Anoetaren kontrako final laurdena irauli ondoren. Astigartarrek, aldiz, oraindik ez dakite Azkoitiaren edo Donostiaren kontra jokatuko duten. Bueltako partiduak atzeratu behar izan zituzten, eta aste honetan zehar jokatuko dituzte. 2-1eko markagailua eta 13 tantoren aldea daukate donostiarrek, oraingoz.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!