Herriartekoaren final laurdenetan ariko da Goizueta, 'kontuak' eginda

Kronika - Erredakzioa 2023ko eka. 3a, 00:00

Beñat Apezetxea goizuetarra.

Beste emaitzen zain geratu behar izan zuen, eta multzoko hirugarren izanda egin du aurrera. Iruñearen kontra ariko da datorren asteburuan.

Herriarteko Txapelketaren final laurdenetan ariko da Goizueta azkenean, hori jakiteko itxaron behar izan duen arren. Baztanen kontra galdu zuten goizuetarrek, eta multzoko hirugarren postuan bukatuta, beste multzoetako emaitzen zain geratu ziren. Izan ere, hirugarren sailkatutakoen artean bi onenek egingo zuten aurrera. Horietako bat izan da Goizueta, behin kontuak eginda eta tantoak zenbatuta. Iruñearen kontra ariko dira final laurdenetan, datorren asteburu­an, Iruñean. Jardunaldi bakarrera jokatuko dute kanporaketa.

Nafarroako Herriarteko Txikian, aldiz, txapelketatik kanpo geratu da Goizueta. 

Ekhi Osesek Gipuzkoakoaren semifinala gaur, Hernanin

Hernanin, bestalde, Gipuzkoako Txapelketaren semifinala jokatuko du Ekhi Oses infantilak, gaur arratsaldean. Lapkeko Landa izango du kontrario, 16:30etan hasita; eta hernaniarra izango da faborito, partidurik ez baitu galdu txapelketa osoan.

Hernanin bertan, Gipuzkoako lau t'erdikoaren final zortzirena jokatuko du Paul Ojuelek, nagu­sien lehenengo mailan: Behar Za­nako Urbietaren kontra, gaur 18:00etan. Eta maila berean, final zortzirena jokatuko du Xabier Apaolazak ere, Oteiza azkoitiarraren kontra, 16:30etan Azkoitian.

Bihar, berriz, Berria Txapelketak hartuko du protanismoa, Hernaniko kiroldegiko frontoian. Izan ere, final laurdenetako lehenengo bi kanporaketak jokatuko dituzte: Lazkaoko Lapke eta Doneztebeko Erreka ariko dira aurrez aurre 10:00etan; eta Gasteizko Txukun Lakua eta Ultzamako Buruzgain 17:00etan.

Lapke iazko txapelduna da faborito aurrenekoan, eta oso pa­rekatuta dago bigarrena. Bietan, maila haundiko pelotariak ikusteko aukera izango dute ber­taratzen diren zaleek.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!