Abantailari eutsi nahi dio gaur Hernanik

Kronika - Erredakzioa 2023ko eka. 2a, 00:00

Zestoaren aurka jokatuko ditu, 20:00etatik aurrera kiroldegian, Herriartekoaren itzulerako partiduak 2-1eko abantailarekin.

Hernanik Herriartekoaren finalerdietara sailkatu nahi du gaur, paleta goma modalitatean. Final laurdenetako kanporaketetako itzulerako partiduak jokatuko ditu gaur, 20:00etatik aurrera kiroldegian, Zestoaren aurka. Hernaniarrak joanekoan lortutako 2-1eko abantailarekin irtengo dira kantxara. 

Buruz burukoan, 20-12 galdu zuen Mikel Manterolak, Rodriguez zestoarraren kontra. Baina hortik aurrera, nagusi izan zen Hernani. Ander Arandiak eta Imanol Galartzak 8-20 irabazi zuten binaka, Etxaberen eta Odriozolaren kontra; eta Jon Belokik 11-20 menderatu zuen Diaz, zazpi barruan. Horrela, 1-2 irabazteaz gain, 13 tantoren aldea hartu zuen Hernanik. Gauzak ondo bidean finalerdietarako txartela beraien eskuan dute.

Etzi, Astigarragaren txanda

Astigarragak ere 2-1eko abantaila defendatuko du etzi, Txomiñenen Zumarragaren kontra, 11:00etatik aurrera. Bi tantoko aldea ere izango du Astigarragak.

 

Gaur, Goizuetan, Umore Ona txapelketa

Bestetik, gaur Goizuetako III. Umore Onako Pala Txapelketako finalerdiak jokatuko dira Goizuetako frontoian. Mikel Huizi-Ibai Zugarramurdi bikoteak, Martin Etxeberria-Xabier Zugarramurdi bikotea izango du aurkari. Eneko Bernaldo-Joanes Apezetxea, Eneko Apezetxea-Ekaitz Narbarte bikotearen aurka neurtuko dira bigarren finalerdian.

 

Izena eman dezakete 2010 eta 2013 artean jaiotakoek

Hernaniko Pala Eskolak bertan izena emateko epea ireki du. Ikasturtea irailean hasiko da eta 2010 eta 2013 urte artean jaiotakoek eman dezakete izena hernanikopalistak@gmail.com helbidean. 2012an eta 2013an jaiotakoek ostegunetan egiten dituzte saioak, 16:45etan eta 2010ean eta 2011n jaiotakoek asteazken eta ostiraletan 15:45etan.

Azkenik, ekainaren 9an, ostiralean, 16:00etan Tilosetan barrene herrikoia jokatuko da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!