Uztailaren 23an, Espainiako hauteskundeak

Kronika - Erredakzioa 2023ko mai. 31a, 00:00

Espainiako Gobernuko presidenteak hauteskunde orokorrak aurreratzea erabaki du, hauteskundeetan PSOEk izandako emaitza txarren ostean.

Pedro Sanchezek, Espainiako Gobernuko presidenteak, igandeko foru eta udal hauteskundeen emaitzen ostean, hauteskunde orokorrak deitu ditu, uztailaren 23rako. «Lehen pertsonan onartzen ditut emaitzak», esan du Espainiako Gobernuko presidenteak agerraldian. Ezohiko Ministro Kontseilu batean, Espainiako Gorteak desegin eta hauteskundeetarako deialdia egin da. Igandeetako hauteskundeen emaitzen harira, Sanchezek aitortu du, hauteskundeen emaitzak ikusita hartu duela erabakia. Horrez gain, honakoa jakinarazi du: «Gobernuko presidente gisa eta PSOEko idazkari nagusi gisa, uste dut beharrezkoa dela erantzun bat ematea eta gure agindu demokratikoa herriaren borondatearen mende jartzea». Horregatik, dio «Espainiako herritarrek argitu beharko dutela» zer politika mota egin nahi duten eta nork bideratuko dituen politika horiek, horretarako hitza eurek dutela gehituta.

 

Posta bidezko bozka

Uztailaren 23an izango diren hauteskunde orokorretarako posta bidezko botoa emateko eskaera egin daiteke dagoeneko, hauteskunde-hitzordua aurreratzeko errege dekretua Estatuko Aldizkari Ofizialean, BOEn, argitaratu ondoren. Posta bidezko botoa emateko aukera uztailaren 13ra arte egongo da, Correosen edozein bulegotan, legeak ezartzen duenaren arabera.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!