Abantaila hartuta dute Astigarragak eta Hernanik, palako Herriartekoan

Kronika - Erredakzioa 2023ko mai. 30a, 00:00
Ander Arandia hernaniarra, aurreko partidu batean.

Etxetik kanpo jokatu zuten final laurdenetako joanekoa ostiralean, eta 1-2 nagusitu ziren biak.

Ostiralean hasi zuten Herriarteko Txapelketa, palaz, Astigarragak eta Hernanik; eta ondo ekin diote biek, abantaila hartuta. Etxetik kanpo jokatu zuten joanekoa, Zumarragan eta Zestoan hurrenez hurren, eta 1-2 nagusitu ziren. Asteburu honetan jokatuko dute bueltakoa.

Zestoako Gurutzeaga frontoian aritu zen Hernani. Buruz burukoan, 20-12 galdu zuen Mikel Manterolak, Rodriguez zestoarraren kontra. Baina hortik aurrera, nagusi izan zen Hernani. Ander Arandiak eta Imanol Galartzak 8-20 irabazi zuten binaka, Etxaberen eta Odriozolaren kontra; eta Jon Belokik 11-20 menderatu zuen Diaz, zazpi barruan. Horrela, 1-2 irabazteaz gainera, 13 tantoren aldea hartu du Hernanik.

Astigarragak, berriz, Zumarragako Beloki frontoian zeukan hitzordua, eta antzeko bilakaera izan zuen jaialdiak. Galdu egin zuen Asier Luluagak buruz buru, Rodriguezen kontra (20-9), eta beste biak irabazi zituen Astigarragak: Mikel Txoperenak eta Beñat Zubiarrainek 9-20 irabazi zuten binaka, kanporaketa berdinduz; eta Ganix Urdangarinek garaipen estua bezain garrantzitsua lortu zuen zazpi barruan, Vianaren kontra (18-20). Bi tanto horiekin hasiko du bueltakoa Astigarragak.

Ostiral honetan jokatuko du bueltakoa Hernanik, 19:30etan hasita, kiroldegiko frontoian. Eta igandean ariko da Astigarraga, Txomiñenen, 11:00etatik aurrera.

Bestalde, Gipuzkoako bost t'erdiko txapelketan, finalerdietara sailkatu da Amaia Irazustabarrena nagusietan: Leire Galdos menderatu zuen ligaxkako azkeneko jardunaldian, eta beraren kontra ariko da finalerdietan ere. Jubeniletan, berriz, finalean ariko dira Enara Macicior eta Joana Tolaretxipi, elkarren kontra. Multzoko onena izan da Macicior, eta bigarrena Tolaretxipi.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!