Gipuzkoako Batzar Nagusietako hauteskundeak EH Bilduk irabazi ditu uste baino alde haundiagorekin. Lehia estua espero zen EAJrekin, baina ezker abertzaleak gorakada haundia izan du eta nagusitasun haundiarekin lortu du garaipena botoen %36rekin. Bost puntu igo da botoen portzentaian. Guztira bost batzarkide gehiago lortu ditu 2019an baino. Orduan 17 izan ziren hautatuak, eta oraingoan 22 batu dituzte.
EAJ izan da bigarren Gipuzkoan, baina jeltzaleak ez dira gustora egongo emaitzekin. Hiru batzarkide galdu dituzte eta alderdi bozkatuena izatetik, bigarren izatera pasa dira eta botoen %3a galdu dute %32rekin. PSE-EEk hirugarren postua mantendu du, baina hauek ere bi batzarkideren galera izan dute. Guztira botoen %15 lortu dute, aurreko hauteskundeetan baino puntu t'erdi gutxiago.
Podemos laugarren izan da botoetan, baina bosgarren batzarkideetan. Alderdi moreak, %6,5arekin, bi batzarkide lortu ditu eta PPk, %6,25arekin, hiru batzarkide lortu ditu. Bi batzarkide galdu dituzte moreek, eta botoen %2,5a. Lehia estua izan dute PPrekin. Alderdi popularrak bi batzarkide irabazi ditu eta botoen %1,5a igo da.
Bost alderdi horiek lortu dituzte ordezkariak Foru Aldundian. EH Bilduk 22 batzarkide izango ditu eta EAJk 17. Bost gehiago lortu ditu ezker abertzaleak eta hiru gutxiago, jeltzaleek. PSE-EEk, zazpirekin, bi batzarkide galdu ditu eta Podemos alderdia lau izatetik bira pasa da. PPk bi batzarkide irabazi ditu.
Botoetan EH Bilduren eta PNVren aldea 15 mila boto ingurukoa izan da. Ezker abertzaleak 120.578 boto lortu ditu eta jeltzaleek 105.437 lortu dituzte. %100a zenbatuta lortu dituzte emaitza horiek bi alderdi nagusiek. Portzentaietan, %36,64 eta %32,04. PSE-EEk 51.591 boto lortu ditu, botoen %15,67rekin. Podemosek 21.283 boto lortu ditu, botoen %6,48rekin. PPk, berriz, 20.574 boto eskuratu ditu, %6,25arekin.
Gipuzkoan abstentzioak ere zer esana eman du. %60ko partaidetza izan da 2023ko Foru hauteskundeetan, orain lau urte baino sei puntu gutxiago, inoiz egon den gutxienetakoa.
Nafarroan UPNk 15 eserleku lortu ditu, PSE-EEk 11, EH Bilduk 9, Geroa Baik 7, PPk 3, Podemosek 3 eta Voxek 2
Nafarroan, berriz, UPNk irabazi ditu Foru hauteskundeak 15 eserlekurekin. Nafarroako Parlamentuan, oraindik ere %100 zenbatu gabea zegoenean. Hala, PSOE izan da bigarren 11 eserlekurekin, EH Bildu hirugarren bederatzirekin, Geroa Baik zazpi lortu ditu, PPk hiru, Contigo Zurekinek beste hiru eta Vox alderdi ultraeskuindarra sartu da Parlamentuan bi eserlekurekin.
Nafarroan oraindik ere emaitzen kontaketak jarraitzen zuen Kronika itxi zen garaian, eta eserlekuren bat mugitu daiteke. Hala ere, Nafarroako Gobernuari begira aldaketa gutxi espero dira. PSNko Maria Chivitek presidente izateko aukera zabalak ditu orain arteko EH Bilduren, Podemosen eta Geroa Bairen babesarekin.
EH Bilduren igoera Nafarroan ere oso nabarmena izan da, eta Geroa Baik, ordea, botoak galdu ditu.