[ZUZENEAN] Bailarako Udal Hauteskundeetako emaitzak

Kronika - Erredakzioa 2023ko mai. 28a, 20:11

Urumea bailarako Udal Hauteskundeetako emaitzak eguneratu bezala emango dugu horien berri, zuzenean.

HERNANI

%100a zenbatuta, gehiengo absolutua izango du EH Bilduk, 11 zinegotzirekin; sei izango ditu EAJk, eta bina PSE-EEk eta Elkarrekin Podemosek.

Botoen %47,51 jaso du EH Bilduk. Oso parekatuta izan dira PSE-EE eta Elkarrekin Podemos, zenbaketa osoan zehar, duela lau urte bezala; baina aldea hartu du PSE-EEk azkenean, eta 1.070 boto eskuratu ditu, Elkarrekin Podemosek baino 123 gehiago.


ARANO

Botoen %100a zenbatuta, erabateko babesa jaso du Herri Aierrizek, eta berak izango ditu bost zinegotziak, datozen lau urteotan, Joxan Ruiz alkate dela. %64,77koa izan da partehartzea, duela lau urte baino bost puntu altuagoa; eta botorik ez du jaso UPNk.


ASTIGARRAGA

%100a zenbatuta, gehiengo absolutua izango du EH Bilduk, 8 zinegotzi eskuratuta, aurrekoan baino bat gehiago. EAJk 4 izango ditu, eta bat PSE-EEk. Azkeneko eguneraketara arte izan du ordezkari bat Elkarrekin Podemosek, baina EH Bilduren mesedetan galdu du azkenean.

Botoen %51,68 jaso du EH Bilduk. Aurreko legegintzaldiaren aldean, zinegotzi bat galdu du EAJk, EH Bilduk eskuratu duena. PSE-EEk mantendu egingo du bere zinegotzia, hirugarren alderdi bozkatuena izanda.

  


EREÑOTZU

%100a zenbatu dute dagoeneko. %58,04koa izan da partehartzea, eta bozkatu duten 289 lagunetatik, 284ren babesa jaso du Ereñotzu Ekinezek. Bi boto zuri izan dira, eta beste bi baliogabe. Olatz Juantorena izango da Ereñotzuko alkate, datozen lau urteotan.


GOIZUETA

Bukatu da botoen zenbaketa Goizuetan ere, eta %68,79ko partehartzearekin, botoen %97,54a jaso du EH Bilduk. Unai Miranda izango da alkate berriro, eta EH Bildurenak izango dira zazpi zinegotziak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!