Ireki dira goizeko 09:00etan hauteslekuak eta bailarako herritarrak, goiztiarrenak, hasi dira bozkatzen. Arratsaldeko 20:00ak arte luzatuko da bozkatzera joateko tartea.
Beste behin, hautesontziz beteko da Urumea bailara. 22.214 herritarrak honela daude banatuta; 109 aranoar, 5.662 astigartar, 635 goizuetar eta 15.808 hernaniar. Horrez gain, ereñotzuarrek Auzo Udala osatzeko botoa emateko aukera ere izango dute.
Astigarragan aldatu egingo da hauteslekuaren kokalekua. Herri Eskolan jartzen zituzten mahaiak orain arte, eta Erribera kulturgunean jarriko dituzte.
Aranon ere aldaketa izango da aurten. Maisuenean egin beharko dute aurtengoan. Izan ere, irisgarritasun irizpideak direla eta, herrian kokatuko den mahai bakarra bertara lekualdatzea erabaki dute.
Hernanin zortzi hautesleku ahalbidetuko dira: Biteri, Kulturarteko Plaza Feminista, Larramendi, Elizatxo, Zikuñaga, Laubidieta, Haurreskola eta Bidebieta.
Ereñotzuko herritarrek, Hernaniko Udalerako hauteskundeez gain, Auzo Udala osatzeko botoa emango dute. Goizuetan berriz, eskolan jarriko dute hauteslekua.