Urumea bailarako 22.214 pertsona daude bozkatzera deituta gaur udal, Gipuzkoako Foru Aldundi eta Nafarroako Foru Erkidegoko hauteskundeetara. Hauteslekuak goizeko 09:00etan irekiko dituzte, eta arratsaldeko 20:00ak arte luzatuko da bozkatzera joateko tartea. 2019ko hauteskundeekin alderatuta, bi hautagaitza gehiago daude bailarako herrietan.
Beste behin, hautesontziz beteko da Urumea bailara. 22.214 herritarrak honela daude banatuta; 109 aranoar, 5.662 astigartar, 635 goizuetar eta 15.808 hernaniar. Horrez gain, ereñotzuarrek Auzo Udala osatzeko botoa emateko aukera ere izango dute.
Aurpegi asko errepikatu dira Udal Hauteskundeetarako hautagaien artean, baina alderdi batzuk alkategai berrien aldeko apustua egin dute. 2019ko hauteskundeekin alderatuta, bi hautagaitza berri izango dira bailaran; UPN alderdiak hautagaia aurkeztu du Aranon 12 urteren ondoren, eta Elkarrekin Podemosek lehen aldiz aurkeztu du hautagaitza Astigarragan.
Errealitate desberdinak bizi ditu bailarako herri bakoitzak, eta gaurko emaitzek baldintzatuko dute datozen lau urteetako bilakaera.
12 hautesleku bailaran zehar, astigartarrek Erriberan aurreneko aldiz
Astigarragan aldatu egingo da hauteslekuaren kokalekua. Herri Eskolan jartzen zituzten mahaiak orain arte, eta Erribera kulturgunean jarriko dituzte.
Aranon ere aldaketa izango da aurten. Maisuenean egin beharko dute aurtengoan. Izan ere, irisgarritasun irizpideak direla eta, herrian kokatuko den mahai bakarra bertara lekualdatzea erabaki dute.
Hernanin zortzi hautesleku ahalbidetuko dira: Biteri, Kulturarteko Plaza Feminista, Larramendi, Elizatxo, Zikuñaga, Laubidieta, Haurreskola eta Bidebieta.
Ereñotzuko herritarrek, Hernaniko Udalerako hauteskundeez gain, Auzo Udala osatzeko botoa emango dute. Goizuetan berriz, eskolan jarriko dute hauteslekua.