Astigarragako sorlekuan eta emakumeei eskainitako parke eta pasealekuetan barrena

Kronika - Erredakzioa 2023ko mai. 27a, 00:00

Hernani eta Astigarraga artean osatuko dugu ibilbide sortaren zazpigarren atala. Gurutzeta sagardotegiaren ondotik, Santiomendirako bidea hartuko dugu, eta Astigarragako erdigunera jaitsi ondoren, emakumeei eskainitako bi gune bisitatuko ditugu ia segidan: Andre Gobadarien ibai parkea, eta Industriako Emakume Langileen pasealekua. 9,1 kilometrokoa da ibilbidea.

Eskuratu hemen ibilbidearen tracka, GPX formatuan.

Hernaniko ipar-ekialdera egingo dugu oraingoan, eta herriko txokoak baino, Astigarragakoak ezagutzeko parada izango dugu, ibilbide sortaren zazpigarren atal honetan. Izan ere, Santiomendi auzora igoko gara, Astigarragaren sorlekura; eta herriaren egungo erdigunera jaitsiko gara bertatik, historia berreginez, nolabait. Hortik aurrera, emakumeen omenez izendatutako bi gune bisitatuko ditugu: Andre Gobadarien ibai parkea, Astigarragan bertan; eta Industriako Emakume Langileen pasealekua, Hernanin.

Guztira, 9,1 kilometroko ibilbidea osatuko dugu, 209 metroko desnibel positiboarekin. Santiomendin gora izango dugu igoera nagusia, Gurutzeta sagardotegiaren ondotik abiatuta; eta tentea den arren, Astigarragako erdigunetik igotzea baino askoz ere erosoagoa izango da. Hain justu, jaitsiera egingo dugu bertatik. Gainerakoan, ibilbide sortako luzeenetakoa izan arren, oso erosoa eta erraza da, edonork egiteko modukoa.

Santiomendiko Plazetxe edo Plaza-Etxe, garai batean Astigarragako udaletxea izan zena.
 

SANTIOMENDI, ASTIGARRAGAREN SORLEKUA

Ohikoa izango da ibilbidearen hasierako puntua. Hernaniko Plazatik abiatuko gara Andre kalean behera, eta Felipe Sagarna Zapa kalean eskuinera biratuko dugu, Atzietara iristeko. Errepidea gurutzatu, eta eskaileretan behera abiatuko gara, eta tren geltokiaren ondotik pasata, trenbidearen azpiko pasabidetik iritsiko gara Karabelera. Auzoa zeharkatuko dugu zubira bidean, eta Urumea ibaiari begira iritsiko gara Akarregi poligonora. Hemendik aurrera, bidegorriari segiko diogu, eta Akarregi eta Ibaiondo poligonoen artetik joango gara, Martindegira bidean.

Kilometro pasatxo egingo dugu bidegorritik, eta berehala iritsiko gara Martindegi auzora. Oraingoan, Zelaia sagardotegia pasa eta berehala, ezkerrera egingo dugu, Oialumera iritsi aurretik; eta Martindegiko auzo elkartearen lokalaren ondotik pasako gara, ondoan parke bat duela. Industriagunearen atzeko bidetik jarraituko dugu aurrera, eta Gurutzeta sagardotegiaren sarbidera iritsi baino 30 metro lehenago desbideratuko gara berriro. Hain justu, Oiarbide bidean gora abiatuko gara, Santiomendi auzora iristeko. Bertako landa eremutik egingo dugu ibilbide osoa, hemendik aurrera. Igoerak malda haundi xamarra dauka zenbait unetan, baina atsedenguneak ere badauzka, eta bertatik daukagun ikuspegi ederrak arinduko digu nekea.

Hainbat baserri eta etxe pasako ditugu Santiomendiko herrigunera bidean: Zerrojonea, Olabide, Lagatxaga, Iragar... Topatuko ditugun hiru bidegurutzeetan hartuko dugu ezkerreko bidea, eta aldapa haundiena bukatzen den tokian, Artola sagardotegi eta nekazalturismora iritsiko gara, oso deigarria bere kolore granateagatik.

Bertatik aurrera jarraituta, berehala izango gara Arraspiñe nekazalturismoan ere. Arraspi­ñe­ren eskuinaldetik, hormigoiz­ko bideari segiko diogu, eta azkeneko zati laburra egingo dugu aldapa gora. Beherantza abiatuko gara, tarteka oso tentea den jaitsiera batetik; eta 300 metro aurrerago iritsiko gara Santiomendiko herrigunera.

Ez da nolanahikoa auzoko kaxkoa, horixe izan baitzen Astigarragaren sorlekua. Santiomendi mendian aurkitutakoak dira, herriko arrastorik zaharrenak, herrixka prehistoriko baten aztarnak topatu baitzituzten, Kalkolitikokoak, Brontze Arokoak, Burdin Arokoak eta erromatarren kolonizazioaren hasierakoak. Du­ela 2.000 urte inguru utzi zioten bertan bizitzeari, baina gerora, Erdi Aroan, Santiomendiko magalean hasi zen sortzen egungo Astigarraga. Garai horretan, beste herrigune bat sortu zen beheko aldean: Murgiako Jauregia. Elkarrengandik oso gertu zeuden biak, baina bi entitate independente izan ziren, XIX. mendean bat egin zuten arte.

Santiomendiko kaxkora iritsita, ermitara eta aterpetxera doan bidea alde batera utziko dugu, eta ezkerrera egingo dugu, errepidean beherantza. Herrigune berrituan, errepidearen eskuineko aldean topatuko dugu Plazetxe edo Plaza-Etxe, garai batean herriko udaletxea zena.

 

'Ur gardena' eskultura, Andre Gobadarien ibai parkean, atzean atsedenlekua duela.
 
 

ANDRE GOBADARIEN IBAI PARKETIK, INDUSTRIAKO EMAKUME LANGILEEN PASEALEKURA

Aldapa tentean behera abiatuko gara, Astigarragaren egungo erdigunera bidean, Ipintza eta Rezola sagardotegien, kiroldegiaren eta Herri Eskolaren ondotik. Behera iritsitakoan, Donostia ibilbidea gurutzatuko dugu, eta aurrera jarraituko dugu, Andre Gobadarien ibai parkera iritsi arte, Urumea ibaiaren bazterrean. Berria da parkea, 2019ko urrian inauguratua; eta hilabete beranduago jarri zuten bertan Ur gardena eskultura, Maria Jose Lacadenak egindakoa. Andre gobadari bat ageri da eskulturan, eta izena ere horixe jartzea hautatu zuten, lan horretan aritzen ziren emakumeen omenez. Ergobiko zubiaren ondoan, Goiko Itturriko askan eta Santiomendikoan egiten zuten gobara.

Pasealekua eta atsedenlekua dauzka ibai parkeak, eta hainbat helbururekin egin zuten: uholdeen kontrako neurri gisa baliatzeko, ibaiaren habitat naturala berreskuratzeko, eta aisialdirako gune berri bat sortzeko.

Ibai parkean barrena egingo dugu ibilbidearen hurrengo zatia, Ergobiko zubiraino hain justu. Ibaiaren beste aldera pasako gara, eta Floridara bidean abiatuko gara. Horretarako, trenbidearen gaineko pasabidea hasten den tokian, eskuinean dagoen bidexka hartuko dugu. Trenbidearen ondotik iritsiko gara Zubiondo poligonora, eta bertan, ezkerrera egingo dugu, zubia pasa eta Ibaiondo poligonoaren ondora iristeko. Hementxe aurkituko dugu Industriako Emakume Langileen pasealekua, ibaiaren bazterretik dijoana, Karabeleko zubiraino.

Joan den urtean jarri zioten izena, industrian lanean aritu diren emakumeen omenez. Hernaniko Berdintasun Kontseiluaren ekimenez, herriko beste hainbat kale eta plazari aldatu diete izena azkeneko urteotan, kale izendegian berdintasuna sustatzeko asmoz; eta bide horretan beste urrats bat eman zuten Industriako Emakume Langileen pasealekuarekin. Gainera, gune horiek elkar lotuta, Ibilbide Morea osatu berri dute, duela bi hilabete estreinatu zutena, martxoaren 26an.

Pasealekuaren bukaeran, Karabeleko zubiaren ondoan, panel bat ere aurkituko dugu, industrian aritutako emakumeen argazkiak eta informazioa jasotzen dituena. Emakume horietako batzuk, bertan izan ziren, pasealekua eta panela inauguratu zuten egunean, iazko azaroaren 17an.

Pasealekua atzean utzi, eta Urumea ibaia gurutzatuko du­gu, Karabel auzora iristeko. Auzoa zeharkatuko dugu berriro, ibilbidearen hasieran bezala; baina oraingoan, beste pasealeku bat erabiliko dugu trenbidearen azpitik pasatzeko: tren geltoki berrituaren eskuineko aldean dagoena, hain zuzen ere. Bertatik, Balantxa kalean gora, igoera sigisagatsua egingo dugu, Zinkoeneara iritsi arte. Kaxkoa alderik alde zeharkatzea besterik ez zaigu geratuko, Kale Nagusitik edo Andre kaletik, Plazara bueltatu eta ibilbidea bukatzeko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!