Telesail ilunetan kateatu da adi(k)tua

Kronika - Erredakzioa 2023ko mai. 27a, 00:00
Somewhere Boy da adi(k)tuaren maiatzeko gomendioetako bat.

Hasiera iluna duten bi telesail gomendatu ditu oraingoan gure adi(k)tuak: SILO eta SOMEWHERE BOY. Horiez gain, hilabeteko zerrenda ere osatu du, aukera zabalagoarekin.

Albiste ilunekin bukatzen zaigu maiatza telesail eta zinema munduan, eguraldiaren antzera. Edo hala sumatuko dugu hurrengo hilabeteetan, Estatu Batuetan gertatzen ari den gidoilari grebak ekarriko duen hainbat telebista kate eta plataformen egutegi aldaketa eta berrantolaketekin. Bada egia, gaur egun egiten den produkzio maila internazionala ikusita ez dela hain nabaria izango akaso eta dezente lagunduko duela uda partean izateak, baino bai egia da, gure kuttunak diren produkzio asko bertan behera geratu direla edo atzeratu egingo direla eta orain ohartzen ez bagara ere, kolokan geratuko direla hurrengo denboraldiko hainbat telesailen estreinaldia edo bueltatzea. Ikusiko dugu nola amaitzen den hau, baino adi ibili.

Bai, badakit. Pixkat bat goibel hasi dut artikulua, ezta? Lasai, esan dezakegu “giroa” sortzen ari naizela gaur aurkeztu nahi dizkizuedan telesailei buruz hitz egiteko.

Badira, betiko lez, aipatu gabe utzi nahi ez ditudan telesailak ere. Beraz azkar batean hauekin: White House Plumbers (HBOMax); Bridgerton sagako (Netflix) azken denboraldi independentea, horrelako “guilty pleasure”ak gogoko ditugunontzat; Star Wars: Visions (Disney+) animaziozko istorio laburren bigarren denboraldi ederra; Genndy Tartakovsky sortzaile apartaren berriena Unicorn:Warriors Eternal (HBOMax); A Town Call Malice (SkyShowtime) ganberroa; La unidad Kabul (Movistar+) telesail paregabearen hirugarren denboraldia; El silencio (Netflix) Aitor Gabilondoren telesail berria, Patria edo Entrevías-en sortzailea; eta azkenik Fubar (Netflix), Arnold Schwarzenegger-ek eginiko 90 hamarkadako akziozko pelikulen tankerako espioi trama, igande goxo baterako mamarratxada biribila.

Hauen ostean, goazen mamira. SILO aipatu nahi dizuet lehendabizi. Apple TV+ zerbitzuko telesail honen estreinaldiak ez du aparteko deiadarrik sortu, baina Morten Tyldum zuzendari eta produktore bikaina buru duen produkzio hau, azken hilabeteetan gehien harrapatu nauen thriller aparta dugu. Etorkizun postapokaliptiko ezezagun batean, silo edo bunker batean bizi den gizarte batean aurkituko gara bertan, barne arazo eta iskanbilak medio, arau zorrotz eta markatuetan bizi dena. Beharrezko neurriak hartu behar direla diote askok bertan, kanpoko radiaziotik babesteko. Arazoa bertako Sheriff-ak, ustezko defendatzaile nagusietako batek, bertatik atera nahi duela esaten duenean hasten da…

Hobe hortxe geratzea eta gehiagorik ez aipatzea, lehen ataletik jada hainbat trama irekitzen joango zaizkigu eta. Benetan diotsut, ez galdu.

SOMEWHERE BOY telesail britaniarra ere antzera hasten zaigula esan genezake. Bere 18 urteak etxean giltzapetuta pasa dituen gazte baten istorioa da hau. Istripu batean ama hil ostean, aitak preso izango du semea etxean, kanpoko munstroetaz babesteko aitzakia baliatuz. Guk ezagutuko dugun gaztearen bizitza guztiz aldatuko da, bere aitaren ustekabeko heriotzaren ostean. Kanpoko mundura joan bere beldurrei helduz, bizitza txiki eta segurua mila zatitan hausten den bitartean. Errealitatea hankaz gora jarrita, izeba eta lehengusuaren laguntzaz kanpoan zeuden gaitzak edo munstro horiek berrimaginatu edo ezagutu beharko ditu. Eta perfektua zen aita zaindariaren irudia apurtzen hasten den momentuan zer izango dugu gure aurrean?

Benetan ederra. Indartsua. Momentu zailak dituena, baino merezi duena. Lewis Gribben aktore nagusiak egiten duen lana, paregabea da. Maiatzaren 23an estreinatu zitzaigun telesail hau Filmin plataforman, Channel 4 kate ingelesean 2022an estreinatu bazen ere. 25 minutuko zortzi atalez osatua, azkar batean amaitu eta gehiagoren gogoarekin uzten zaituen miniserie horietakoa dugu. Hau harrapatzeko aukera baduzue, ez zarete damutuko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!