Bihar hautatuko dira datozen lau urteetarako udal eta foru ordezkariak

Kronika - Erredakzioa 2023ko mai. 27a, 00:00
22.214 herritar daude bozkatzera deituta Urumea bailaran: 109 Aranon, 5.662 Astigarragan, 535 Goizuetan eta 15.808 Hernanin.

Urumea bailarako 22.214 pertsona daude bozkatzera deituta. Hauteslekuak goizeko 09:00etan irekiko dituzte, eta arratsaldeko 20:00ak arte luzatuko da bozkatzera joateko tartea. 2019ko hauteskundeekin alderatuta, bi hautagaitza gehiago daude bailarako herrietan.

Ate joka dira hauteskundeak. Bihar bertan hautatu beharko dira datozen lau urteetarako udal eta foru ordezkariak; eta, beste behin, hautesontziz beteko da Urumea bailara. Orotara, 22.214 herritar daude bozkatzera deituta; 109 aranoar, 5.662 astigartar, 635 goizuetar eta 15.808 hernaniar. Horrez gain, ereñotzuarrek Auzo Udala osatzeko botoa emateko aukera ere izango dute. Hauteslekuak goizeko 09:00etan irekiko dituzte, eta arratsaldeko 20:00etara arte mantenduko dira zabalik. 

Aurpegi asko errepikatu dira Udal Hauteskundeetarako hautagaien artean, baina alderdi batzuk alkategai berrien aldeko apustua egin dute. 2019ko hauteskundeekin alderatuta, bi hautagaitza berri izango dira bailaran; UPN alderdiak hautagaia aurkeztu du Aranon 12 urteren ondoren, eta Elkarrekin Podemosek lehen aldiz aurkeztu du hautagaitza Astigarragan.

Errealitate desberdinak bizi ditu bailarako herri bakoitzak, eta biharko emaitzek baldintzatuko dute datozen lau urteetako bilakaera. 

ARANO

Aurtengo Udal Hauteskundeetan bi hautagaitza izango dira Aranon. Alde batetik, Herri Aierriz plataforma dago, Joxan Ruiz Miner buru duen taldea. Ruizek lau legegintzaldi daramatza Aranoko alkate izaten, eta Kronikan adierazi zuen «orain arte egindako lana borobiltzea» dela asmoa. Bestetik, UPN alderdiko Roberto Lecumberri Eusa aurkeztu da Aranoko alkatetzara. Beraz, duela 12 urteko hauteskundeetako lehia errepikatuko da hautesontzietan; orduko hartan Herri Aierrizek eskuratu zituen 5 zinegotziak. 

Guztira, 109 aranoar daude bozkatzera deituta, eta Maisuenean egin beharko dute aurtengoan. Izan ere, irisgarritasun irizpideak direla eta, herrian kokatuko den mahai bakarra bertara lekualdatzea erabaki dute. Parte hartzeari dagokionez, beheranzko joera izan dute datuek azken hauteskundeetan. Deitutakoen artean, %59,8ak parte hartu zuten 2019ko hauteskundeetan eta %65,41ak 2015ekoetan. 

ASTIGARRAGA

Astigarraga da, Urumea bailarari dagokionean, berritasun gehien izan dituen herria. Bost hautagai aurkeztu dira alkatetzara, horietatik hiru estreinakoz. Azken legealdian EH Bilduk gehiengo absolutuarekin gobernatu du, eta hazkunde demografikoak ezaugarritu du jarduna. Udala EAJ-PNVko 5 ordezkarik eta PSE-EEko 1ek osatu dute. Aurten ere 13 ordezkari mantenduko ditu Astigarragak. 

Xabier Urdangarin Lasa izango da berriro EH Bilduren hautagaia. Urdangarinek Kronikan azaldu zuen Astigarraga «geldialditik» atera dutela, eta orain «ekipamendu publikoek» dutela lehentasuna. Iritzi desberdina azaldu du, ordea, María Otaegi Velezek, EAJ-PNVren Astigarragarako hautagaiak. Hiru aurpegi berrietako bat da Otaegirena, Hernanin 12 urte zinegotzi modura aritu ondoren, lehenengo aldiz aurkeztu baita Astigarragako alkatetzara; adierazi duenez, herriak «nortasuna, etorkizuna eta zerbitzuak» izatea du helburutzat. Bigarren aurpegi berria Patxi Suárez Pérezena da, Astigarragako PSE-EEren hautagaiarena. Usurbilgo zinegotzia izan da azken lau urteetan, eta «jarduera politikoa bere herrian garatzeko gogotsu» dago. 

Hiru alderdi horietako ordezkariek osatu dute Astigarragako udala azken legealdian. Bihar, ordea, bi hautagaitza gehiago izango dira; Jacobo Caparrós Ruiperez berriro aurkeztuko da PP alderdiarekin, eta Julen Bengoetxea Urretabizkaia izango da Elkarrekin Podemosen Astigarragako lehenengo alkategaia; «ilusioz» onartu du erronka. 

Astigarragan ere aldatu egingo da hauteslekuaren kokalekua. Herri Eskolan jartzen zituzten mahaiak orain arte, eta Erribera kulturgunean jarriko dituzte bihar. Bertara joan beharko dute deituta dauden 5.662 astigartarrek. Parte hartzea zertxobait igo zen 2015etik 2019ra; %65,74koa izan zen azken hauteskundeetan.  

GOIZUETA

Goizuetako Udal Hauteskundeetan, aurten ere, EH Bildu izango da aukera bakarra. Unai Miranda Berroetak jarraituko du zerrendaburu gisa, eta «erronka potoloak» izango dituztela aurreikusten du. Esaterako, «biztanleriaren jaitsiera geratzea» izango da helburu nagusietako bat. 

Parte hartze datuak bereziki altuak izaten dira Goizuetan; %74,32koa izan zen 2019an, eta bozka guztien artean %97,12a izan zen EH Bildurentzat. 

HERNANI

Aurreko hauteskundeetako kopurua mantenduta, bost hautagaitza izango dira Hernanin. Gehiengo absolutua izan du EH Bilduk bukatzear dagoen legealdian, eta boto kopuru oso murritz batek erabakiko du aurtengo emaitza. Hautagaien artean aldaketa gutxi izango dira Hernanin, bost alderditatik lauk mantenduko baitute aurreko hauteskundeetako zerrendaburua. 

2019ko emaitzei jarraipena ematea izango da Xabier Lertxundi Asteasuinzarraren helburua. Hernaniko alkatea izan da azken lau urteetan, «pandemiak markatutako legealdian», eta berriro aurkeztuko da bihar. Kronikan adierazi duenez, «herri bizi eta bizigarriagoa egiten jarraitu» nahi du datozen lau urteetan.  

EAJ-PNVren kasuan, Andoni Amonarraiz Gómez izango da alkategaia. Bosgarren aldiz aurkeztuko da Amonarraiz alkatetzara, eta «herritarrengandik gertu egotea» da bere helburu nagusia. Jaione Aristregi Caok ere errepikatu egingo du hautagaitza, bigarrenez, Elkarrekin Podemos alderdiarekin. Hernaniko hirugarren indar politikoa izatea lortu zuten 2019an, eta Aristregiren ustez «herri honen mapa politikoaren parte» izatera pasa da koalizioa. Orain, herri «erosoago eta berdeago» bat irudikatzen dute. 

PSE-EE alderdiak ere ez du hautagaia aldatuko, Ricardo Crespo Rubio izango da, hirugarrenez, sozialisten zerrendaburua. Alderdiak «egiteke dauden inbertsioetan» jarri nahi izan du azpimarra, eta Crespok berak «ilusioa» erakutsi du «EH Bilduren gehiengo absolutua amaitzeko» aukerak ikusten dituelako. 

Azkenik, Juan Crespo Ferrán izango da PPren Hernanirako hautagaia. 2019an ez zuten ordezkaritzarik lortu, eta horixe izango da Cresporen xedea: «Ez diogu inori marra gorririk jartzen, eta pentsamendu hori aldebikoa izatea espero dugu».

21 zinegotzi izaten jarraituko du Hernanik; beraz, 11 ordezkaritan kokatuko da berriro gehiengo absolutua. 15.748 herritar daude bozkatzera deituta, ahalbidetuko diren zortzi hauteslekuetan; honakoak izango dira kokalekuak: Biteri, Kulturarteko Plaza Feminista, Larramendi, Elizatxo, Zikuñaga, Laubidieta, Haurreskola eta Bidebieta. 

EREÑOTZU

Ereñotzuko herritarrek, Hernaniko Udalerako hauteskundeez gain, Auzo Udala osatzeko botoa emango dute. Ohi bezala, Ereñotzu Ekinez plataforma bakarrik aurkeztu da, eta Olatz Juantorena Aizpurua izango da hautagaia. Juantorenak adierazi du «bizigarria eta atsegina den leku bat» sortzea izango dela taldearen ardura. 

Adin ezberdinetako bederatzi kidek osatuko dute Ereñotzuko Auzo Udala. Aurreko hauteskundeetan babes zabala jaso du plataformak: 2019an %66,14koa izan zen parte hartzea Ereñotzun, eta horietatik %97ak bozkatu zuen Ereñotzu Ekinez.

 

HAUTESKUNDE MAHAIAK URUMEA BAILARAN

HERNANI

Biteri Kultur Etxea. 
1go, 3. eta 11. mahaiak.

Kulturarteko Plaza Feminista.
4. eta 5. mahaiak.

Larramendi kalea.
6. mahaia.

Elizatxo Ikastola.
7. eta 12. mahaiak.

Zikuñaga.
8. mahaia.

Laubidieta (Langile).
10. eta 15. mahaiak.

Haurreskola.
13. eta 14. mahaiak.

Bidebideta (Langile).
16. mahaia.

EREÑOTZU

Ereñotzuko Auzo Udalean.  
Mahai bakarra.

ASTIGARRAGA

Erribera kulturgunea. 
7 mahai.

ARANO

Maisuenean. 
Mahai bakarra.

GOIZUETA

Goizuetako eskola. 
Mahai bakarra.


ORDUTEGIA
Hauteslekuen irekiera:
09:00
Hauteslekuen itxiera:
20:00

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!