Gipuzkoako metalgintzako ituna onartuta, ELA eta UGT sindikatuen babesarekin

Kronika - Erredakzioa 2023ko mai. 27a, 00:00
Hitzarmen berriak bitan zatitu du negoziazio mahaia.

Negoziazio mahaiko beste bi sindikatuek, LABek eta CCOOk, ez dute hitzarmena sinatu, eta oso kritiko agertu dira ELAk izandako jarrerarekin.

Gipuzkoako metalgintzako hitzarmen berria adostu dute Adegik, ELAk (%47,8) eta UGTk (%4,3). 2022 amaieran hasi zituzten negoziazioak, eta, zortzi bilera egin ondoren, akordiora iritsi da mahaiko gehiengo sindikala. Lau sindikatuk osatu dute negoziazio mahaia; ondorioz, bi geratu dira ituna sinatu gabe: LAB (%35,8) eta CCOO (%12,2). 45.000 langileri eragingo die hitzarmen berriak. 

Zenbait atal azpimarragarri ditu sinatutako itunak. Soldatei dagokienez, KPIaren arabera igotzen joango dira. 2022ko igoerari dagokiona (%5,7) bi urtetan igotzea adostu dute; alegia, 2023an %5ekoa izango da igoera, eta datorren urtean aurtengo KPIaren igoerari %0,7ko igoera gehituko diote, 2022koa berdintzeko. Ñabardura oinarrizko soldata baino soldata baxuagoa dutenentzat da, horiek inflazioaren datuaren %85eko igoera izango baitute. 

Hitzarmenean adostutako beste puntuetako bat lanaldiaren murrizketa da. 2024tik aurrera urteko lanaldia bi ordu murritzagoa izango da. Gainera, guraso bakarreko familietako langileek zortzi orduko lizentzia izango dute haurrak medikura eraman behar dituztenean hartzeko. 

ELA eta UGT pozik agertu dira

Hitzarmena sinatu duten sindikatuak poztasuna adierazi dute lortutakoarengatik. ELAk hedatutako ohar batean, sindikatuak «Hego Euskal Herriko metalgintzako hitzarmenik onena sinatzea» lortu duela nabarmendu zuen: «Orain, borrokak enpresa hitzarmenen negoziazioarekin jarraituko du. Gipuzkoako metalaren hitzarmena oinarririk onena da enpresetan borrokatzeko, langileek sortzen duten aberastasuna banatzeko eta eskubide berriak txertatzeko».

UGT sindikatuak ere adierazpena argitaratu zuen, hitzarmena babestearen zergatiak azaltzeko. Sindikatuaren arabera, 2025rako aurreikusitako lanaldiaren murrizketa 2024ra aurreratzea izan da aldaketa erabakigarria: «Hain zuzen ere, gai hori garrantzitsua zen, gure sindikatuan egindako batzarrean UGTko ordezkariek proposamena berretsi baitzuten, betiere hobekuntza hori gertatzen bazen». 

Kontrako ikuspegia azaldu dute LABek eta CCOOk

Oso kritiko agertu da LAB sindikatua hitzarmen berriarekin. 6 eguneko greba deialdia egin zuten akordioa ezagutu aurretik, eta «akordio merke» baten truke «desmobilizaziorako deia» egitea egotzi die ELAri eta UGTri: «ADEGIren lehen proposamena erosi dute bi sindikatuek eta, aldi berean, Gipuzkoko metaleko langileak hitzarmen hobe baterako aukerarik gabe utzi dituzte». 

Bide beretik, negoziazioen bilakaera gaitzetsi du CCOO sindikatuak. Adierazi dute «hitzarmen berriak aldaketa positibo batzuk dituen arren», zenbait «alor garrantzitsu ahaztu» direla: «Negoziazioa ELAk bahitu du, eta pribatuan negoziatu du ADEGIrekin; negoziazio-mahaia, berriz, antzerkitxo tamalgarri bat besterik ez da izan, eta zortzi ekitalditan irudikatu da akordioa».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!