Gipuzkoako Oinarri Teknologikoko Enpresa Berriei zuzendutako laguntza programa abiarazi dute

Kronika - Erredakzioa 2023ko mai. 27a, 00:00

Gipuzkoako Foru Aldundiak martxan jarritako programa honen helburua da OTEBak nazioartekotzeko estrategia garatzen laguntzea.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapen, Turismo eta Landa Garapeneko Departamentuak martxan jarri dute Oinarri Teknologikoko Enpresa Berriei zuzendutako laguntza programa: «Enpresa horiek berrikuntza eta balio erantsi handiko ezagutza ekarri eta dibertsifikazioa, kalitatezko enplegua eta kultura ekintzailea sustatzeagatik nabarmentzen dira», azaldu dute programaren sustatzaileek. 

Gipuzkoako enpresa hauen nazioartekotzeko estrategia garatzen laguntzea da programaren helburua, eta bost urte baino gutxiagoko antzinatasuna duten OTEBei zuzenduta dago: «Salbuespen gisa, antzinatasun handiagoa duten enpresak onartu ahal izango dira, baldin eta beren produktu-garapeneko zirkunstantziek, homologazioek edo ziurtagiriek hala justifikatzen badute», zehaztu dute. 

Gipuzkoako Bazkundea izango da programaren arduraduna, eta enpresen nazioartekotzera bidean, jarraitu beharreko estrategiaren sorkuntza prozesuan, estrategian, diagnostikoan eta aholkularitzan egingo dute lan. 

Plan hori diseinatuta, hiru faseren bidez gauzatuko da: «Lehenengoan, enpresen nazioartekotze-estrategia diagnostikatu eta definituko da, eta nazioartekotze-ekintzak zehaztuko dira. Bigarren fasean, marketinaren merkaturatzearen arloko eragiketa zehatzetan laguntza- eta aholkularitza-jarduerak egingo dira. Eta hirugarren eta azken fasean, OTEBentzat interesgarriak izan daitezkeen beste administrazio batzuen babesak eta laguntzak bilatuko dira».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!