Gaur hasiko dute Herriarteko Txapelketa bailarako palistek

Kronika - Erredakzioa 2023ko mai. 26a, 00:00
Zestoan jokatuko ditu Hernanik joaneko partiduak.

Zestoan jokatuko dute hernaniarrek, eta Zumarragan arituko dira astigartarrak. Final laurdenetan hasiko dira. 

Gaur arratsaldean sartuko dira Hernaniko eta Astigarragako palistak Gipuzkoako Herriarteko Txapelketan. Final laurdenetako joaneko partiduak jokatuko dituzte, eta etxetik kanpo arituko dira bi taldeak.  

Hernanik Zestoaren aurka jokatuko du, arratsaldeko 18:30etatik aurrera, Zestoako Gurutzeaga pelotalekuan. Zazpi pasan Ander Arandiak jokatuko du, binaka Imanol Galartza eta Jon Beloki arituko dira, eta frontoi osoan Mikel Manterola lehiatuko da. Aurkari gogorra da Zestoa, eta konfiantzaz gainezka iritsiko dira gaurko partiduetara, final zortzirenetan erraz irabazi baitzuten Zumaiaren aurka. 

Astigarragak 21:00etatik aurrera jokatuko ditu partiduak, Zumarragako Beloki frontoian. Kasu honetan, Ganix Urdangarin arituko da zazpi pasan, Mikel Txoperena eta Beñat Zubiarrain binaka eta Asier Luluaga frontoi osoan. Zumarragak juxtuago pasa zuen aurreko kanporaketa, Oiartzunen aurka tanto diferentziagatik irabazita.  Lehia estua espero dute astigartarrek, eta ñabarduretan erabakiko da kanporaketa. 

 

Buruz Buruko finalean arituko da bihar Salaberria

Bigarren urtez jarraian, Promozio mailako Buruz Buruko Txapelketako finala jokatuko du Iker Salaberria goizuetarrak. Ligaxkako lehenengo partidua galdu zuen, baina sekulako maila erakutsi du gainontzeko partiduetan. Finalaurrekoetan 22-15 irabazi zuen Egigurenen aurka, eta konfiantza haundiarekin iritsiko da Labritera. Bakaikoa izango da bigarren finalista; hirugarren finala da etxarriarrarentzat, eta 2018an txapela janztea lortu zuen. Aurtengo edizioan partidu guztiak irabazita iritsi da finalera. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!