Ereñotzu eta Hernani hondamendi gune izateko eskaera egin dute

Kronika - Erredakzioa 2023ko mai. 24a, 08:15

Izendapena jasotzeko eskaera lantzeko bilera eskatu diote Ereñotzu, Hernani eta Urnietako alkateek Gipuzkoako Foru Aldundiari.

Joan zen maiatzaren 19tik 20rako gauean eurijasa haundiak izan ziren Urumea bailaran eta kalte haundiak sortu zituen, Nafarroan ez ezik, Gipuzkoako lurraldean ere. Ereñotzu, Hernani eta Urnietako alkateek kalteak jasan dituen Gipuzkoako eremurako hondamendi gune izendapena jasotzeko eskaera egitea beharrezkoa ikusten dute. Eskaera bateratua bideratzeko Gipuzkoako Foru Aldundiarekin harremanetan jarri dira eta Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako diputatuari eskatu diote premiazko bilera bat, hain zuzen ere, Espainiako Gobernuari egin beharreko eskaera elkarrekin lantzeko.

Ereñotzu eta Pagoaga inguruan, esaterako, euri-jasek zenbait errepide, mendi-bide eta baserritan kalte larriak eragin zituzten. Kalte horiek Erenotzu, Hernani eta Urnieta toki-erakundeen ardurapekoak dira.

Gune horietako alkateak elkartu ziren Goizuetako eta Aranoko alkateekin, bailara osoko jarduera bateratuak adosteko asmoz. Bilera horretan, Gipuzkoako hiru alkateek -Unai Erroitzenea (Ereñotzu), Xabier Lertxundi (Hernani) eta Jorge Segurado (Urnieta)- jakin zuten Nafarroako Gobernuak, kalteak jasan dituzten udalen eskaria aintzat hartuta, Espainiako Gobernuari eskaera egingo diola eremu horri hondamendi gune izendapena emateko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!