Berri on eta txarrekin iritsi dira denboraldi amaierara futbol taldeak

Kronika - Erredakzioa 2023ko mai. 23a, 00:00
Gorengo mailako jokalariak garaipena ospatzen.

Igoera lortzeko aukera du Hernanik hiru talderekin, baina preferenteak maila galdu du. 

Denboraldi amaierarekin batera, berri onak eta txarrak iristen ari dira bailarako futbol taldeetara. Hasiera hasieratik fin aritu dira batzuk, eta luzea egin zaie lehiaketa besteei; hala ere, igoera lortzeko aukerekin jarraitzen dute zenbait taldek. 

 

Igoera bikoitza lortzeko aukera dute emakumezkoen taldeek

Denboraldiaren zapore gozoa Hernaniko emakumezkoen taldeek dastatu dute. Alde batetik, ohorezko erregional mailako taldeak larunbatean amaitu zuen denboraldia, Lagun Onaken aurka 3-0 galduta. Hala ere, bigarren postua ziurtatu zuten azken aurreko jardunaldian, eta igoera faseko partiduak jokatuko dituzte Bizkaiko eta Arabako taldeen kontra. Triangular formatuan jokatuko dute azken fasea, 45 minutuko bi zatitan. 

Partidu horiek gertutik jarraituko dituzte Hernaniko gorengo mailako taldeko jokalariek. Aurreneko postuan amaitu baitzuten igoera fasea, zazpi partidutan zazpi garaipen eskuratuta; hortaz, ohorezko erregional mailako taldeak igotzea lortzen badu, bi igoera ospatuko ditu Hernanik.  

Asteburu honetan denboraldia borobildu ahal izan dute, kategoriako finala irabazi eta kopa eskuratuta. Elgoibarren aurka 1-1 berdindu zuten partidua, eta penaltietan 2-3 irabaztea lortu zuten berdeek.  

 

Zalantzak sortu dituzte gizonezkoen taldeek

Denboraldi gorabeheratsua izan da ohorezko erregional mailako mutilentzat. Bikain hasi zuten lehiaketa, lehenengo postuan iritsi ziren bigarren itzulira, baina puntu asko galdu dituzte 2023an. Hala ere, igoera fasean sartzeko aukerekin iritsi da denboraldi amaierara; asteburu honetan jokatuko dute ligako azken partidua, Elgoibarren aurka, Zubipen. Partidu hori irabaztea komeni zaio Hernaniri, baina berdinketa ere balekoa izan daiteke, Oiartzunek Zumaiakoren aurka egiten duenaren arabera. 

Oso desberdina izan da, aldiz, gorengo mailako taldearen bukaera. Larunbatean 0-0 berdindu zuten Ostadarren aurka, eta Axularren garaipenak jaitsiera postuetara bidali zuen Hernani. Hala, erregional 1. mailan jokatuko dute datorren urtean. 

 

Mundarrok lasai amaitu du denboraldia

Etxekolanak ondo eginda, lasai iritsi da Mundarro azken jardunaldira. Maila mantentzea lortu dute moreek, eta aho zapore onarekin joango dira oporretara. Oriokoren aurka jokatu zuten azken partidua, eta nagusitasunez irabaztea lortu zuten; 0-2.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!