Iker Salaberriak buruz burukoaren finalera txartela, Herriarteko Txapelketetan gazia izan den asteburuan

Kronika - Erredakzioa 2023ko mai. 23a, 00:00

Kanporaketa bizirik mantendu zuten Unax Manterolak eta Oier Alegriak.

Promozioko Txapelketaren finalera sailkatu da goizuetarra, Egiguren V 22-15 menderatuta. Gipuzkoako Herriartekoan, berriz, txapelketatik kanpo geratu da Hernani, Altzoren kontra; eta Goizuetak ere galdu egin zuen Nafarroako Herriartekoaren bigarrenean, Leitzaren kontra.

Albiste pozgarriak bezala, txarrak ere izan ditu asteburuak, bailarako esku pelotarientzat. Gozoen atalean sartzen da Iker Salaberria goizuetarrarena, Promozioko Buruz Buruko Txapelketaren finalera sailkatu baita, bigarren urtez jarraian. 22-15 menderatu zuen Julen Egiguren azpeitiarra Altsasun, eta Joanes Bakaikoa izango du kontrario finalean, datorren larunbatean Iruñeko Labriten. Partidu gogorra jokatu zuten Salaberriak eta Egigurenek, eta 331 pelotakadaren ondoren, goizuetarrak asmatu zuen gehien azkeneko zatian, nekeari aurre eginda, 15-14 izan baitziren markagailuan.

Aldiz, oso gazia izan da asteburua, Herriarteko Txapelketetan. Gipuzkoakotik kanpo geratu da Hernani, Altzoren kontra galdu ondoren; eta Nafarroako Herriartekoan porrota jaso du Goizuetak, bigarren jardunaldian, Leitzaren kontra.

Nahi baino lehenago amaitu du bere ibilbidea Hernanik, joan den urtean finalerdietara iritsi ondoren. Altzon 2-1 galdu zuen final zortzirenetako joanekoan, baina bazuen kanporaketari buelta emateko esperantza, Markel Lizeagaren baja garrantzitsua izan arren. Itxaropen horrekin, Altzori sorpresa ematen saiatu zen nagusietan, bi aurrelarirekin jokatuta: Xabier Salaberriarekin eta Xabier Apaolazarekin. Bizi-bizirik iritsi zen Hernani, azkeneko partidu horretara. Ekhi Osesek eta Oier Azpeitiak 15-22 galdu zuten kadete mailakoa, Muruaren eta Elolaren kontra; baina garaipen haundia lortu zuten Unax Manterolak eta Oier Alegriak jubeniletan, Olano eta Iturriotz 22-4 menderatuta, eta tantoen aldea berdindu zuten horrela, gainera. Egoera horretan, garaipena nahikoa zuen Hernanik nagusietan, eta «apustu arriskutsua bezain beharrezkoa» egin zuten entrenatzaileek, bi aurrelari kantxaratuta, Zubeldia-Olano bikote indartsuari aurre egiteko. Kontrarioek partidu borobila jokatu zuten, ordea, eta esperimentuak ez zuen nahi bezalako emaitzarik eman: 13-22 galdu zuten hernaniarrek.

Nafarroakoan, berriz, Goizu­e­tak 1-2 galdu zuen Leitzaren kontra, bigarren jardunaldian. Ka­deteetan, 4-22 galdu zuten Adur Sagarduik eta Anartz Lujanbiok, Sagastibeltzaren eta Te­lletxearen kontra. Horri buelta eman zioten Beñat Apezetxeak eta Egoitz Elizegik, jubeniletan, Martinez eta Arregi 22-1 menderatuta. Baina nagusietan, partidu lehiatuenean, 17-22 galdu zuten Ekaitz Narbartek eta Antton Apezetxeak, Txoperenaren eta Goikoetxearen kontra. Baztanen jokatuko dute final laurdenetara pasea, datorren asteburuan, azkeneko jardunaldian.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!