Arano inkomunikatuta egon zen atzo, euriteen ondorioz

Kronika - Erredakzioa 2023ko mai. 21a, 00:00

Euriteek eragindako kalteak, Arano inguruan. Argazkia: Añarbeko Urak.

Nafarroako Obra Publikoen Kontserbazio taldea luiziak kentzen aritu zen eta arratsaldean, Aranoko errepidea ireki zuten. 

Larunbatean, goizeko 02:00etatik 04:00etara bitartean euri mordoa egin zuen Aranon eta Goizuetan, eta eragin kaltegarriak izan zituen Urumea bailaran. Hernani-Goizueta errepidea itxi zuten euriteek eragindako lur-jausiak zirela eta.

 

Errepideko zenbait zati hautsita, euriagatik

Añarbek azaldu zuen, atzo goizeko euriteek zuzenean eragin ziotela Añarbeko presaren inguruari; «izan ere, 240 l/m2 baino gehiago erregistratu ziren hiru ordutan. Prezipitazio kontzentratuen ondorioz, sarrerako emaria eta urtegiaren maila azkar igo ziren,  % 97,5era arte, hain zuzen». 

Euriteen ondorioz, inkomunikatuta egon zen atzo Arano. Nafarroako Obra Publikoen Kontserbazio taldea luiziak kentzen aritu zen, errepide zati batzuk hondatuta eta hautsita zeudelako. Egindako lanaren ondorioz, atzo arratsaldean, Aranoko errepidea ireki zuten.


Ura, bailara osoraino

Aranoko eta Goizuetako euriteek, bailara osoan izan zuten eragina, izan ere, ibaitik ura atera zen Hernanin (Zubipen eta Landaren), Astigarragan (ibai parkean) eta Ereñotzun. Ereñotzuko errepidea ere itxi egin zuten, lur-jausiak zirela eta. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!