Etxebizitza, lientzo txuri bat nork bere gustura margotzeko

Kronika - Erredakzioa 2023ko mai. 20a, 00:00
Xehetasun guztiak zaindu beharko ditugu, etxea gure gustura jartzeko.

Herritar askok eskuratuko dute etxebizitza berria bailaran, datozen hilabete edo urteetan; eta bigarren eskukoa erosiko dute beste askok. Kasu batean zein bestean, nork bere gustuko etxebizitza irudikatzea eta hori lantzea da gakoa. Gauza asko hartu beharko ditugu kontuan, erosotasunaren eta goxotasunaren bila.

Datorren ostegunean, maiatzaren 25ean, zozketatuko dituzte 42 etxebizitza Hernanin: 29 Santa Barbara auzoan, eta 13 Florida auzoan. Beste 308 eraikitzeko proiektua ere badago Floridan bertan, garai batean AMR lantegiarena zen eremuan, hemendik urte batzuetara. Eta Astigarragan ere, ehunka izan dira azkeneko urteotan banatu dituzten etxebizitza berriak; eta gehiago egiten jarraituko dute datozenetan ere. Hori horrela, asko eta asko izango dira Urumea bailaran etxebizitza berria eskuratuko dutenak. 

Baina ez dira horiek izango, noski, etxebizitza erosiko duten bakarrak. Bigarren eskuko etxebizitza hartuko dute beste askok, bailaran bertan. Kasu horretan, denetik izango da: oso egoera onean egongo dira batzuk, konponketatxoren bat beharko dute besteek, eta guztiz erreformatzeko moduan izango dira azkenekoak.

Etxebizitza berria erosi edo bigarren eskukoa, berbera izango da hurrengo pausoa: nork bere behar, gustu eta nahietara egokitu beharko du etxebizitza, egunerokoan bertara sartzeak sortuko dien erosotasunaren eta goxotasunaren bila.

Etxebizitza berritzeko edo hornitzeko prozesua, norberaren araberakoa

Etxebizitza erosi dutenen artean, denetik izaten da. Batzuek oso garbi izaten dute zer nahi duten, eta bizitu egiten dute etxebizitzaren txoko bakoitza diseinatu eta hornitzeko prozesua, gustura egiten dute. Beste batzuek, aldiz, nolabaiteko ideia bat daukate buruan, baina aholkularitza behar dute, eta dauzkaten aukeren artean gustukoen dutena hautatuko dute. Eta azkenik, badira nondik hasi ere ez dakitenak.

Kasu guztietan, lientzo txuri bat izango da etxebizitza, nork bere gustura margotzeko. Horretan, bidelagun izaten dira erreformez eta dekorazioaz arduratzen diren enpresak. «Guk erreforma integralak egiten ditugu normalean, dagoena bota eta hutsetik berregin», azaldu du Estitxu Mateo Serranok, Dekolanakeko arduradunak: «baina etortzen zaizkigu etxebizitza berria erosi eta hornitu nahi dutenak ere, edota lan txikiak egin nahi dituztenak, etxeko gela bat berritzeko. Hernanin aukera zabala dago erreformak egiteko, bezeroaren beharren arabera».

«Diseinuak eta hiru dimentsiotan ikusteak asko laguntzen du irudikatzen»

Etxea guztiz berritu behar den kasuetan, «erdi beldurrez» gerturatzen zaizkie bezeroak: «Ai ama! Obra bat egin behar dut... baina zer egin behar dut? esaten digute. Eta aurreneko gauza, orientazio ekonomikoa behar izaten dute normalean. Badakite zer egin nahi duten, gutxi gorabehera; baina ez dakite zenbateko kostua daukan. Guk entzuten diegu, eta nahi dutenaren arabera, aurrekontu bat prestatzen diegu. Informazio hori beharrezkoa dute, jakiteko une horretan egin nahi dioten aurre erreformari, edo pixka bat itxaron».

 

Aurrera eginez gero, diseinuari heltzea da hurrengo urratsa. «Buruan ideia batzuk izaten dituzte, baina beste aukera batzuk ere jartzen ditugu mahai gainean, beharbada planteatu ere egin ez dituztenak. Gainera, gertatu izan da buruan daukaten planteamendua goitik behera aldatzea; oso garbi daukat txuria nahi dudala esan, eta azkenean urdina jartzea. Diseinuak eta hiru dimentsiotan ikusteak asko laguntzen du horretan», dio Estitxu Mateok. 

«Lan haundia» dago obra hasi aurretik, eta behin diseinua garatuta eta osatuta, «denak pozik gaudenean», aurrekontua itxi eta plangintza osatzen dute. «Eskatzen diguten gauza nagusietako bat da, gu arduratzea gremio guztiak koordinatzeaz. Zubilana egiten dugu denen artean, eta pertsona bat arduratzen da denak koordinatzeaz».

Hortik aurrera, bezeroaren araberakoa izaten da partehartzea, erreformaren prozesuan zehar: «Batzuek esaten digute ez dutela nahi deitzerik ere, egiteko egin beharrekoa eta bukatzean abixatzeko. Beste batzuek, aldiz, obraren prozesuan parte hartu nahi dute, presente egon, erabakiak hartu eta aldaketak proposatu. Baina egia da, denborarekin konfiantza hartu eta erlaxatu egiten direla, eta gure esku uzten dutela», kontatu du Dekolanakeko arduradunak.

Gainera, nabarmendu du «bezeroa ezagutzeko denbora» izaten dutela, aurreneko kontaktutik obra hasi bitartean; eta horrela, «pertsonalizatu» egiten dutela etxeko gela bakoitza, beraien gustu eta beharretara: «Konfiantza hartuta, familia barruko gauza asko ezagutzen dituzu, eta horrek laguntzen du gela bakoitza pertsonalizatzen eta behar duten horretara egokitzen».



 

Etxea hornitu eta goxatzea helburu, etxebizitza berrietan

Ezberdina izaten da, normalean, etxebizitza berria erosten dutenek egin beharreko bidea. «Gerta daiteke etxebizitza berria erosi eta zuzenean erreforma egin nahi izatea, baina ez da batere ohikoa. Normalean, ezberdina da eskaera, kasu horietan. Dekorazio lana da egin behar dutena. Etxea bete nahi dute, polita jarri eta goxatu; baina batzuek ez dute jakiten nola egin, edo ez daukate astirik horretan pentsatzeko», dio Estitxu Mateok. Kasu horietan, interioristak hartzen du ardura. Etxearen edo gela bakoitzaren planoa hartu, eta galdera planteatzen dute: Zer egin dezakegu logela honetan? Sukaldean? Eta egongelan? «Ideia batekin hasten gara, baina auskalo non bukatuko dugun. Orientazioa ematea da garrantzitsuena, eta hori inpertsonalagoa da saltoki haundien kasuan. Joango zara, alfonbra bat erosiko duzu, eta ikusiko duzu nola jarri. Hemen aholkularitza emango diegu, azalduko diegu zein ezaugarri dauzkan gauza bakoitzak, eta gero, bere gustuen arabera jarriko dute».

Etxea hornitzeko lan horretan, gainera, herriko denden artean kolaboratzen dute: «Balbirekin, Felirekin... egiten dugu lan. Arlo ezberdinak izan daitezke landu beharrekoak, eta haiek espezializatuta daude, bakoitza bere arloan». Izan ere, horretarako aukera zabala dago bailaran bertan. Obretarako eskulana da, Estitxu Mateoren ustez, falta dena: «Gremioetako langileak falta ditugu herrian. Lan karga badago, baina langile nahikorik ez, eta lanez lepo dabiltza denak».

Etxeko gela guztien artean, osotasunaren bila

Etxebizitza bat osorik erreformatzean, edota etxe berri bat hutsetik hornitzean, «lotura bat» bilatu ohi da gela ezberdinen artean, osotasuna. «Etxeko lau paretak ikusten ditugu fondo bezala, eta hutsetik hasten gara. Lur guztia berdina jartzen dugu, oinarri gisa, nahiz eta gero uztartu daitekeen zeramikarekin, adibidez, sukaldean. Eta oinarri horren gainean, estantzia oso unifikatuak egiten ditugu».

Dena den, tendentzia kontua da hori: «Garai batean guztiz kontrakoa zen. Izan behar zenuen logela bat laranja, bestea pistatxo kolorekoa, eta hirugarrena horia, adibidez. Orain, tendentzia da etxe bateko materialek eta koloreek zentzu bat izatea elkarrekin».

«Orain sukaldeari ematen diogu garrantzi gehien; asko erabili dugu pandemian...»

Etxeko gela guztiak berritu edo hornitu arren, denei ez diegu arreta berdina eskaintzen. «Garrantzi gehien, zalantzarik gabe, sukaldeari ematen diogu orain. Uste dut pandemiaren eragina dela hori. Asko erabili dugu sukaldea pandemia garaian, bizkotxo asko egin ditugu... Baina bezeroek oso garbi izaten dute nolakoa nahi duten, oso informatuta etortzen dira guregana», nabarmendu du Estitxu Mateok.

Sukaldea da, era berean, berritzeko edo hornitzeko gela konpletoena. Zailena, ordea, komuna da: «Elementu asko jarri behar dira, eta espazioa mugatua izaten da. Gainera, gremio guztiek pasa behar dute bertatik, erreformatzeko. Hiru metro karratutan, sartu behar dira igeltseroa, iturgina, arotza...».

«Gero eta ohikoagoa da etxebizitza bat erosi eta guztiz erreformatzea»

Estitxu Mateok kontatu duenez, «gero eta ohikoagoa» da bi­garren eskuko etxebizitza bat erosi eta guztiz erreformatzeko joera. Eta uste du, sukaldearen kasuan bezala, etxebizitza osoarengan izan duela eragina pandemiak: «Beharrak sortu ditugu. Etxe batzuetan, beharbada, ez da hain beharrezkoa errefoma egitea. Baina pandemia garaitik bereziki, etxeari garrantzi izugarria eman diogu, eta gure gustura eduki nahi dugu. Kalezaleak gara, baina gero eta garrantzitsuagoa iruditzen zaigu etxea guk nahi bezala edukitzea. Nahiago dugu gure aurrezkietatik dirua inbertitu, komuna edo sukaldea berritu, eta gure gustura eduki».

Eta aurrezkiei eta inbertsioari dagokionez, aipatu du beste zerbitzu bat ere eskaintzen dutela: etxebizitza erosi aurrekoa. «Orientatzaileak gara, eta askotan, bigarren eskuko etxebizitza erosi ondoren baino, aurretik behar dute gure laguntza herritarrek. Badakite zenbat diru eskatzen dieten etxearen truke, baina ez ordea zenbat gehiago kostako zaien erreforma, behin erosita. Horregatik, erosi aurreko bisitak egiten ditugu etxeetara, aurreikusteko zenbateko kostua izan dezakeen erreformak, eta doan eskaintzen diegu zerbitzu hori».

Etxebizitza gure gustura jartzeko prozesuan, erosi aurretik eta ondoren, xehetasun asko izango dira kontutan hartzekoak. Eta horiek guztiak izango dira, etorkizunean, bertara sartzean bilatuko dugun goxotasuna bermatuko digutenak. Nolakoa irudikatzen duzu zurea?

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!