Armoniaren eta argitasunaren bila, pinturak aukeratzeko orduan

Kronika - Erredakzioa 2023ko mai. 20a, 00:00
Zenbait gelatan koloreen simulazioak egiteko aukera dauka Basmodecek, bere webgunean.

Etxeko gela ezberdinen pintura edo papera aukeratzeko, kontutan hartu beharko ditugu gelaren argitasuna, espazioa eta bestelako berezitasunak. Pintura oso espezifikoak daude gaur egun, gela umeletarako, haurren logeletarako, alergiak dituzten pertsonentzako...

Askotan bigarren maila batean geratu ohi den arren, berebiziko garrantzia dauka paretetako pinturen koloreak edo jarriko dugun horma-paperaren nolakotasunak. Horregatik, ondo aukeratu beharko ditugu horiek, eta hainbat ezaugarri hartu beharko ditugu kontuan: gela bakoitzaren argitasuna, espazioa, eta gainerako gelekin osatzen duen batasuna.

«Bakoitzaren gustuak eragiten du», azaldu du Laura Laborda Gabilondok, Basmodeceko dekorazio arduradunak: «baina armonia bilatzen dugu, etxeko gela eta espazio ezberdinen artean. Normalean, kolore argitsuak bilatu ohi dira, espazio haundiagoaren sentsazioa ematen dutenak».

Gero eta zabalagoa da aukera, eta gero eta espezifikoagoak pinturak: «Lanketa haundia egiten ari dira, pinturek gero eta kontserbante edota bakteria gutxiago izan ditzaten, pertsonen osasunerako. Espazio osasuntsuak izan daitezela bilatzen da», azaldu du Laura Labordak. Espezifikotasuna, maila askotara zabaltzen da: «Espazio umeletarako pinturak dauzkagu, komunerako adibidez. Beste batzuk, berriz, garbitzen errazagoak direnak, haurren logeletarako edo erabilera asko duten geletarako. Eta alergiak dituztenentzako pintura bereziak ere badaude».

Paperetan ere, aniztasun haundia dago, eta askok egiten dute horren aldeko apustua: «Beti izan du tiradizoa, eta beherakada bat izan zuen, baina berriro hartu du indarra».

Koloreen aukeraketari dagokionez, joera izaten da gela bakoitzean pareta bat destakatzea: egongelan, sofak dauden pareta; edo logelan, ohearen atzekoa. «Pareta horri kolore indartsuagoa ematen diozu, eta xuabegoa besteei». Gainera, kontutan hartu behar da, kolore bakoitza ez dela berdin ikusten etxe eta gela guztietan: «Komeni da muestra txiki bat egitea aurrena, probatzeko nola geratzen den. Argitasunak, etxebizitzaren altuerak, inguruak, altzariek... eragina daukate, eta espazio osoa hartu behar dugu kontuan».

Eta noski, ez dira berberak izaten gela bakoitzerako koloreak, ezta pertsona bakoitzak aukeratutakoak ere. Izaerak badauka zeresanik horretan...

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!