Altzarietan edukiera bilatzen du jendeak, baina era diskretuan

Kronika - Erredakzioa 2023ko mai. 20a, 00:00
Geroz eta sofa haundiagoa hartu ohi du jendeak, eta garrantzia hartu dute deskantsurako elementuek.

«Argitasuna, garbitasuna eta alaitasuna» bilatzen dute bezeroek altzarietan. Balbi Altzariakeko kideek nabarmendu dute edukierak berebiziko garrantzia duela, baita materialaren kalitateak eta iraunkortasunak ere: «Bezero bakoitzaren beharretara egokitzen gara».

«Jendeak edukiera bilatzen du, baina era diskretu batean». Hala baieztatu dute Balbi Altzariakeko kideek, egungo altzarien tendentziei buruz hitz egiterakoan. Etxe bat altzariz janzteko gustuak asko aldatu dira azken urteetan; orain, elementu gutxirekin osatutako gelak nahi dituzte gehienek: «Nahi izaten dute ez ikustea lekuak beteegiak. Ez da lehen bezala, modulo asko jartzen ziren, eta orain altzari arinak gehiago gustatzen zaizkio jendeari».

Egungo tendentziak zehatzago ere definitu dituzte Balbiko langileek, badirelako bezeroek bilatzen dituzten ezaugarri gehiago: «Eremu alaiak, garbiak eta argitsuak sortzeko eskatu ohi digute, iraunkorrak diren mantenimendu errazeko materialekin».

Hala ere, eremu «garbi eta alai» horietan, edukiera izaten da altzariak erostean kontuan hartzen den ezaugarri nagusietako bat. Horren erakusgarri da armairu bat erosi nahi duten pertsonen zehaztasuna: «Oso ondo markatzen digute armairuaren barruko distribuzioa, eremu guztia aprobetxatuta eduki nahi du jendeak, eta normalean badakite zer nahi duten. Haien beharretara egokitzen gara gu».

Gelaz gela, ezaugarri ezberdinekin

Egongelatik hasita, altzari nagusiek hartzen dute protagonismoa, geroz eta haundiagoak direlako: «Telebista izaten da elementu printzipala, eta lekua geroz eta haundiagoa da. Bestalde, sofak ere haundiagoak izaten dira duela urte batzuk baino». 

Sofarekin lotuta, deskantsuari ematen dio garrantzia bezeroak: «Jendeak deskantsurako altzari onak jartzen ditu, koltxoiak eta baseak. Aldiz, ez du horrenbeste gastatzen mesilletan edo tankerako elementuetan». 

Dekorazioarekin amaitzeko, altzari nagusietan kolore liso argiak eta egur koloreak gailentzen diren arren, bakoitzaren ukitu pertsonala konplementuekin egiten dute bezeroek, «kolore biziagoen» eta «detaileen» bidez.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!