Goxotasuna eta garbitasuna uztartu behar izaten dira sukaldean

Kronika - Erredakzioa 2023ko mai. 20a, 00:00
3D diseinuak izaten dira sukalde berri bat sortzeko lehenengo pausua. Argazkiak: Iparra Sukaldeak.

Ideia argiagoak edo lausoagoak izaten ditu jendeak sukaldea egiterakoan. Baina badira askotan errepikatzen diren eskaerak; eremu «goxoa» eta «garbia» sortzea, esaterako. Iparra Sukaldeaken ondo ezagutzen dituzte prozesuaren gakoak: «Sukalde bat egiterakoan, distribuzioarekin asmatzea da garrantzitsuena».

Jakiak prestatzeko eremua baino askoz ere gehiago da sukaldea. Goxotasuna, familia giroa, hizketaldiak eta bizipenak gordetzen dira sutegiaren bueltan. Etxe batean ezinbesteko lekua da sukaldea; beraz, komenigarria da espazio atsegina izatea. Ez dago irizpide unibertsalik sukalde txukun bat egiteko, baina egungo tendentziek argitasunera eta garbitasunera eraman ohi dute jendea. Praktikotasuna bilatzen duenik ere izaten da, sukaldean denbora gutxi pasako duenaren esperantzan diseinu sinpleen bila ibiltzen dena. Hala ere, pelikuletan ikusten diren sukaldeekin amesten dute askok, eta horietara gerturatzeko saiakerak egiten dituzte.

Iparra Sukaldeaken ondo baino hobeto ezagutzen dituzte sukalde txukun bat prestatzeko gakoak. Sinpleki azalduta, antzeko prozesua garatzen dute sukalde berri bat egiten dutenero, beti ere bezero bakoitzaren beharretara egokituta: «Normalean jendea etxeko planoekin edo sukaldeko neurriekin etortzen da hona. Orduan, planoaren laguntzarekin azaltzen digute buruan duten ideia; batzuk ideia oso garbiarekin etortzen dira, beste batzuk erabat galduta datoz, eta tarteka ekartzen duten ideia guk egokitzen dugu, beste era batera hobeto geratzen dela iruditzen zaigulako. Ondoren, bertako erakusketa gelan materialak erakusten dizkiegu, eta gustatu zaionaren arabera egiten dugu 3D diseinua eta aurrekontua». Beraz, ideia gehiago edo gutxiago izan, edonork prestatu dezake gustuko sukaldea. Planoekin edo neurriekin moldatzen ez direnak ere ez dute arazorik izango, zerbitzu hori ere eskaintzen baitute bailarako enpresek.

Enpresako kideen arabera, sukalde baten sorkuntza prozesuan distribuzioa da benetan garrantzitsua dena, horretan asmatzeak ziurtatzen baitu epe luzeko asebetetzea: «Askotan errepikatzen diegu bezeroei ez dela hain garrantzitsua azken tendentzia guztiei jaramon eginda eraikitzea sukaldea, zalantzarik gabe distribuzio egokia egitea da inportanteena; non jartzen den plaka, non garbigailua, zer armairu mota jarri, ateak... gauza horiek. Finean, erosoa izatea da berebizikoa dena. Kolore bat edo bestea jarrita urteekin nazkatu egin zaitezke, baina distribuzioa egokia bada, horretaz ez zara nazkatuko».

Horixe da teoria, baina, hala ere, tendentziek markatzen dute diseinatzaileen lana. Material aukeraketan gehiegi kargatu gabeko elementuak erabiltzen dira, eta kolore xuabeak gailentzen dira. Ondoren bakoitzak ukitu pertsonalak ematen dizkio sukaldeari, kolore biziagoa duten osagarriekin. 



 

Materialaren aukeraketa

Sukaldeko altzarietatik hasita, bi material gailentzen dira: melamina eta formika. Ateak eta altzariak estaltzeko erabiltzen diren materialak dira, egur txikituarekin egindako oholei itsatsita doazenak: «Normalean material horiekin egiten dira. Badaude moduak material berarekin ezaugarri desberdinak gehitzeko, hatz markak ekiditeko materialak, esaterako. Hirugarren materiala ate lakatua izaten da, hori ere noizbehinka erabiltzen dugu, baina delikatuagoa eta garestiagoa da». Melaminaren eta formikaren arteko ezberdintasuna loditasunean dago; formikazko txapak lodiagoak izaten dira melaminazkoaren aldean, nahiz eta iraunkortasun antzekoa duten. 

Ateetako egurraren kasuan, Iparra Sukaldeaken argi ikusi dute tendentzia aldaketa nabarmena izan dela azken urteetan: «Lehen egur trinkoak edo kontratxapatuak jartzen ziren. Orain oso oso gutxi erabiltzen dira halakoak. Jendeak, normalean, ate lisoak eskatzen ditu, erraz garbitzen direnak; jada ez ditu nahi ixkin ugari dituzten ateak». Etxeko gainontzeko geletako altzariekin gertatu den modura, sukaldean ere eraikuntza arinek kendu diete lekua altzairu pisutsuei. 

Behin altzarien aukeraketa eginda, entzimeraren txanda iristen da. Aukera desberdinak daude kasu honetan ere, material bakoitzaren propietateengatik. Silestone entzimera da aukeretako bat, iraunkortasun haundikoa, baina heltzeen berotasuna ongi jasaten ez duena. Erretxinarekin egiten dira entzimera hauek, eta berotasunarekin markak geratu daitezke bertan. Aldiz, granitozkoak edo portzelanikoak diren entzimerek beroa jasan dezakete inongo arazorik gabe: «Ohituraren arabera hautatzen da entzimeraren materiala; beroa ongi jasaten ez badu, trapu bat jartzearekin nahikoa izaten da», azaldu dute. 

Ohiturak eta gustuak alde batera utzita, aldagai batek indarra hartu du azken urteetan materiala aukeratzeko orduan: garbitasunak. Aukera ugari daude sukaldea osatzeko, eta, horregatik, komeni da material bakoitzaren ezaugarriak zeintzuk diren jakitea. Hautatzeko momentuan gehien errepikatzen den galdera da: 'Erraz garbitzen da?': «Jendeak garbitzeko errazak diren produktuak nahi ditu».

Koloreekin arriskatzea komeni da? (Spoiler: ez)

Gustu adina kolore daudela dio esaerak, baina sukaldeen kasuan 'kontuz' ibiltzeko argitu dute Iparra Sukaldeakeko kideek, kolore bereziak nekagarriak direlako: «Orain itsaso kolorea edota belar berde kolorea modan dauden arren, ez dakigu hemendik 20 urtera hala jarraituko duten, edota gustatuko zaizkigun». Zentzu horretan, klasikora jotzeko gomendioa egin ohi dute, gehiegi nabarmentzen ez diren koloreak erabilita. 

Bezero ugarik ematen dio garrantzia koloreari, eta konbinazioek indarra hartu dute azken urteetan: «Gehien gehiena txuria erabiltzen da nabarmen, baina beige kolorea edota kolore argiak ere erabiltzen ditugu. Jendeak azkar nekatuko ez dituen koloreak aukeratu ohi ditu. Egurrarekin ere nahasketak egiten ditugu, estilo nordikoko sukaldeetan». 

Tendentzietatik kanpo ere badira eskaera bereziagoak egiten dituzten pertsonak: «Batzuk sukalde beltza nahi izaten dute. Nik kontuz ibiltzeko esan ohi diet, beltzak asko iluntzen duelako sukaldea, eta nahiko kolore zikina delako. Bestalde, orain pastel motako koloreak ere modan jarri dira, halako koloreen eskaerak ugaritu dira. Zaila da hautaketa, kolore politak direlako, baina nekagarriak ere izan daitezkeelako».


 

Sukalde motak: ametsak eta errealitatea

Diseinu amestiak sartzen dira tarteka jendearen buruan, eta horiek gauzatzen laguntzea da Iparra Sukaldeakeko langileek duten asmoa. Batzuetan, ordea, zaila izaten da eskaera guztiak betetzea, eta errealitateari lotutako proposamenak prestatzen dituzte: «Jendeari asko gustatzen zaizkio irlak eta mostradoreak, baina sukalde gehienetan ez dira sartzen. Adibidez, irla batek toki asko eskatzen du. Etxe batean obra haundi bat egiten dutenei sartzen zaie, paretak botatzen dituztelako, batik bat. Gainontzekoetan, proposamen berri bat egiten diogu bezeroari, beharretara eta baldintzetara ondoen egokitzen dena».

Diseinu sinpleekin ere lan egiten dute bertan, praktikoagoak diren sukaldeak diseinatuta. Gaur egun garrantzi haundia du armairuen edukierak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!