Goizutrailekin hasiko da, etzi, bailarako mendi lasterketen aste bereziena

Kronika - Erredakzioa 2023ko mai. 18a, 00:00

Oskar Gaskon aranoarra, joan den urteko Goizutrailen.

Goizeko 09:00etan abiatuko da Goizutrail, herriko plazatik, hiru modalitaterekin. Datorren astean izango da Ereñotzuko Mendi Lasterketa.

Urteko aste berezienean sartzear dira Urumea bailarako mendi korrikalariak. Izan ere, mendi lasterketen hilabetea izango da maiatza, beste urte batez: Goizutrailekin emango diote hasiera, larunbat honetan; eta Ereñotzuko Mendi Lasterketa izango da hurrengoan, maiatzaren 27an.

Goizeko 09:00etan abiatuko da Goizutrail, Goizuetako plazatik; eta bi distantzia eta hiru modalitate izango ditu: 10,6 kilometroko ibilbidea, Eneko Elorri aldera, bakarka egitekoa; eta 25 kilometrokoa, Mandoegira ere igoko dena, eta bakarka ez ezik erreleboka ere egin daitekeena (aurrenekoak 10 kilometro, eta bigarrenak 15). Izenematea zabalik dago oraindik, herrikrosa.eus webgunean, bihar arte. Guztira, 178 lagun zeuden izena emanda atzo: 83 ibilbidea motzean, 45 luzean, eta 50 bikoteka.

Ereñotzuko Mendi Lasterketarako, berriz, rockthesport.com webgunean apuntatu behar da. Erritmo bizia hartu dute izenemateek, eta 40 dortsal besterik ez dira geratzen. Goizeko 10:00etan abiatuko da lasterketa, Ereñotzuko plazatik; eta ohiko ibilbidea izango du: 11,75 kilometrokoa, Aiako Harria parke naturalean barrena, eta Urdaburuko tontorrera igota.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!