Antiguokoren aurka berdinduta, Play Off-ak jokatuko ditu Hernanik

Kronika - Erredakzioa 2023ko mai. 16a, 00:00

Bizkaiko eta Arabako talde onenen aurka jokatuko du Hernanik.

Asteburu ona izan da bailarako taldeentzat. Hernaniko mutilek irabazi egin zuten, eta Mundarrok berdindu. 

Jardunaldi baten faltan, lehenengo helburua bete du Hernaniko Ohorezko Erregional mailako nesken taldeak. Antiguokoren aurka 0-0 berdindu zuten larunbatean, eta matematikoki ziurtatu dute bigarren postua. Gauzak horrela, Bizkaiko eta Arabako taldeen aurka jokatuko dituzte igoerako Play Off-eko partiduak. 

Play Off-ak jokatzea pausu garrantzitsua da berdeentzat; izan ere, nesken lehenengo taldeak igoera lortzen badu, bigarren taldeak Ohorezko Erregional mailan jokatuko du hurrengo denboraldian, lehenengo postuan bukatu baitute liga. 

Gainontzeko emaitzei dagokienez, garaipen garrantzitsua lortu zuten Hernaniko mutilek, etxean, Vasconiaren aurka. 4-0 irabazita, hirugarren postua lortzeko borrokan jarraituko dute berdeek jokatzeko geratzen diren bi jardunaldietan. Tolosan jokatuko du Hernanik asteburu honetan. 

Mundarrok 0-0 berdindu zuen Santo Tomas Lizeoaren aurka. Sailkapeneko postu epeletan daude astigartarrak, eta urduritasunik gabe jokatuko dute azken jardunaldia, Oriokoren kontra.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!