Hernanik 2-1 galdu du Altzoren aurka Herriartekoaren joanekoan eta Berria Txapelketatik kanpo geratu da

Kronika - Erredakzioa 2023ko mai. 16a, 00:00

Unax Manterola, jokaldia egiten, aurreko partidu batean.

Finalaurdenetara pasatzeko, larunbatean irabazi eta 12 tantoko desabantaila gainditu behar du. Nafarroan, Goizuetak 2-1 gainditu du Lesaka.

Asteburuak gazitik gozotik baino gehiago izan du bailarako pelotarientzat. Albiste gozoa Goizuetaren garaipena izan zen Nafarroako Herriarteko Txapelketan. Goizuetak 2-1 garaitu zuen Lesaka. Gazte eta nagusi mailan 22-7 eta 22-8 irabazi zuten hurrenez hurren. Kadeteetan 22-9 galdu zuen bikote goizuetarrak. Herriarteko txiki txapelketan 2-1 galdu zuen Goizuetak Iruñaren aurka.

Albiste gazienak Hernaniko klubetik iritsi ziren. Herriartekoan 2-1 galdu zuen Hernanik, joanekoan, Altzoren aurka eta 12 tantoko desabantailari buelta eman beharko dio. Kanporaketari buelta ematea posible da baina horretarako lesionatuta dauden pelotariak berreskuratu behar ditu taldeak eta zale guztien laguntza, larunbatean jokatuko diren itzulerako partiduetarako.
Ekhi Oses eta Oier Azpeitia kadeteek 22-10 galdu zuten Murua-Elolaren aurka; Unax Manterola eta Ohian Legarreta jubenilek 22-12 irabazi zuten Olano-Iturriozen aurka; eta seniorretan Xabier Apaolaza eta Josu Altunak 22-12 galdu zuten Zubeldia eta Olanoren aurka.

Berria Txapelketan hiru pelotari titularren bajarekin galdu zuen Hernanik 3-0, Txukun Lakuaren aurka. Hortaz, txapelketa honetatik kanpo geratu da Hernani.
Kadeteetan Joseba Arretxek eta Martin Alberdik 22-3 galdu zuten. Jubeniletan, Julen Deskargak eta Oier Alegriak 22-16 galdu zuten eta seniorretan Xabier Salaberriak eta Xabier Ortiz de Urbinak 22-14 galdu zuten.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!