Datozen lau urteetarako, udaleko ordezkariak hautatzeko hauteskundeak izango dira, maiatzeko azken igandean, 28an. Hego Euskal Herri osoan zehar izango dira udal hauteskundeak eta Urumea bailarako 22.214 herritar daude deituta bozkatzera.
Urumea bailarari dagokionez, Aranoko Udala osatzeko bi hautagaitza daude; Astigarragarako 5 hautagaitza; Goizuetarako 1; eta Hernanirako 5 hautagaitza. Horrez gain, Ereñotzuko Auzo Udalerako hauteskundeak ere izango dira, hauek ere hautagaitza bakarrarekin. Atarian aipatu moduan, Kronikak alkategai guztiei eman die aukera elkarrizketa egiteko, nahiz eta batzuk ez parte hartu. Guztira 12 elkarrizketa izango dira irakurgai.
Bailarako zinegotziak, eta hautagaitzak
Aranok bost zinegotzi izango ditu. Eta 2019an ez bezala, bi hautagaitza izango dira; hain zuzen ere, Herri Aierriz plataforma eta UPN alderdia aurkeztu baitira. Herri Aierrizen alkategai Joxan Ruiz Miner aurkeztu da eta UPNko alkategaia, berriz, Roberto Lecumberri. 109 aranoarrek izango dute dute bozka emateko aukera.
Astigarragan, aurreko legegintzaldian bezala, 13 zinegotzi izango dira denera; izan ere, azken urteotan gora egin du Astigarragako biztanleriak, 5.001-10.000 biztanleko tartean sartzen da. 5.662 astigartarrek izango dute bozka emateko aukera, eta bost hautagaitza aurkeztu dira: EH Bildu (Xabier Urdangarin); EAJ-PNV (Maria Otaegi); PSE-EE (Patxi Suárez Pérez; PP (Jacobo Caparros); eta Elkarrekin Podemos (Julen Bengoetxea).
Goizuetan, 694 biztanle dira, eta aurreko legegintzaldietan bezala, 7 zinegotzi mantenduko ditu. Denera 635 goizuetarrek izango dute botoa emateko aukera. Hautagaitza bakarra aurkeztu da, azken urteetan bezala: EH Bildu, eta alkategaia, bigarren urtez aurkeztu da: Unai Miranda.
Hernanik guztira, 20.516 biztanle ditu, eta aurreko urteko zinegotzi kopuru berak osatuko dute udal korporazioa, 21ek. 15.808 (horietatik 38 kanpotik) hernaniar daude bozkatzera deituta, eta ondorengo bost hautagaitza izango dituzte aukeran: EH Bildu (Xabier Lertxundi); EAJ-PNV (Andoni Amonarraiz); Elkarrekin Podemos (Jaione Crespo); PSE-EE (Ricardo Crespo); eta PP (Juan Crespo).
Ereñotzuko bizilagunek, Hernaniko bozka emateaz gain, Ereñotzuko Auzo Udala osatzeko botoa ere eman beharko dute, eta aurten berriro ere hautagaitza bakarra aurkeztu da: Ereñotzu Ekinez. Olak Auzo Elkarteak aurkeztutako plataforma da, eta Olatz Juantorena da alkategaia.
Egun osoan zehar, bozkatzeko aukera
Maiatzaren 28an dira Udal eta Foru hauteskundeak, eta Urumea bailarako herritarrak bozkatzera deituta daude. Bozkatzeko ordutegiak ohikoak izango dira, hau da, goizeko 09:00etatik 20:00etara bitartean.
Hernanin, 8 hautesleku izango dira, ondorengoak hain zuzen ere: Biteri, Kulturarteko Paza Feminista, Larramendi, Elizatxo, Zikuñaga, Ereñotzuko Auzo Udala, Langile ikastola (Laubidieta), Haurreskola, Langile ikastola (Bidebieta) eta Ereñotzuko Auzo Udala.
Astigarragan, botoa emateko eremua aldatu egin dute; joan den hauteskundeetan Herri Eskolan jarri zen mahaia, baina aurten Erriberara pasa dute.
Aranon, irisgarritasuna dela eta, 2023ko hauteskundeetarako Maisueneara lekualdatu dute mahaia, eta Goizuetan, berriz, eskolan izanen dute bozka emateko aukera.
HAUTESKUNDE-MAHAIAK URUMEA BAILARAN
HERNANI
1., 3. eta 11. mahaiak Biteri kultur etxean
4. eta 5. mahaiak Kulturarteko plaza feministan
6. mahaia Larramendi kalean
7. eta 12. mahaiak Elizatxo ikastolan
8.mahaia Zikuñagan (Udal eraikinak)
9. mahaia Ereñotzuko Auzo udala
10. eta 15 mahaiak Langile ikastolan (Laubidieta)
13. eta 14. mahaiak Haurreskolan
16.mahaia Langile Bidebieta
EREÑOTZU Ereñotzuko Auzo Udalean
ASTIGARRAGA Astigarragako Erribera kulturgunean: 7 mahai.
ARANO Maisuenean: mahai bakarra.
GOIZUETA Eskolan: mahai bakarra.