GR-20aren bigarren ibilbidea, paraje ederretan

Kronika - Erredakzioa 2023ko mai. 13a, 00:00

Ikuspegi zoragarriak izango ditugu Bi Haizpera, ibilbidean zehar.

GR-20 zeharkaldiaren bigarren etapa osatuko du Mendiriz Mendik, maiatzaren 21ean: Aralarko San Migel santutegitik Iribasera, 30 kilometro.

Nafarroako lurretan egingo dugu ibilaldi luzea, 30 kilometrokoa. Hain justu, GR-20 zeharkaldiaren bigarren etapa osatuko dugu, Aralarko San Migel santutegitik abiatu, eta Iribasera iritsita. Bigarren etapa honetan, basoak dira nagusi, eta bide gehiena zuhaitzen gerizpean egiten da. Gainera, lehenengo zatia, Etxebarrira jaitsi arte, beheranzkoa da, eta nahiko eroso egiten da etaparen aurreneko erdia.

Pago tartean gabiltzala, monumentu megalitiko pare bate­kin egingo dugu topo: lehena Pamplonagain trikuharria, eta bigarrena Apeztxoletako menhirra. Azkeneko hau ez dago zutik, lurrera erorita baizik. Pena da, zutik itxura ikusgarria izango baitzuen.

Etaparen bigarren zatian, Bi Haizpera dauden bistak zoragarriak dira. Bi haitz handien gainetik igarotzen da bidea, eta Larrau ibaiak sortzen duen bailara aldera eta hormen aldera dauden bistak ikusgarriak dira. Azken zati honen gehiengoa ere baso barrutik egiten da.

Aralarko San Migel santutegira iritsi baino ehun-berrehun metro lehenago hasten da GR-20ko bigarren etapa. Madotz aldera eginez, GR-20a pagadi eta kareharrizko haran txiki batetik jaisten da. Bidea altuera galtzen doa, eta Uhartetik igotzen den hormigoizko pistarekin bat egiten du. Pistaren beste aldera gurutzatu, eta jaisten jarraitu behar da. Bidezidorrak, erreka alboan duela, jaisten jarraitzen du gure ezkerretara, iparraldean, Uhartetik igotzen den hormigoizko pista utziz. Pista bigarren aldiz gurutzatu baino zertxobait lehenago, Pamplonagain trikuharrira iritsiko gara. Pista zeharkatu ondoren, igoera eta jaitsiera laburrak dauzkan tarte batera iristen da bidezidorra. Tarte horretan iturri bat dago, eta urez hornitzeko aukera izango dugu. Pagadian aurrera jarraituz, bideak eskuinera biratzen du, eta berriro jaisten hasten da. Aurrerago pista batekin bat egiten du eta, pista horretatik, gandor bati jarraituz, Aupeta mendatera jaitsiko gara. 

Errepidetik 500 bat metro hegoalderantz jaitsi, eta eskuinera dagoen bidezidor bat hartu behar da. Basoz inguraturik, pista batean utziko gaitu. Horri jarraitu eta errepidera atera baino lehen eskuinera biratu eta bailaratxo batera jaitsi behar da. Bideak altuera galtzen jarraitzen du eta aska bat atzean utzi ondoren errekaren ibilguaren gainetik doa tarte batean. Ondo­ren, bidea zabaldu egiten da, eta bidegurutze batera hurbiltzen gaitu. Eskuinera egin eta Egiarreta herriaren goialdera irtengo gara, elizatik gertu.

Egiarretan, Irurtzun aldera doan errepidea hartu behar da. Hilerriaren ondotik pasa, eta ehunka metro aurrerago, Madotzera doan errepidearekin egingo dugu topo. Errepidea zeharkatu eta beste aldera pasako gara. Bertan dagoen abeletxea  zeharkatuta, Etxeberrira eramango gaituen pista bat topatuko dugu. Horri jarraituko diogu. Etxeberrira iritsi aurreko azken metroak errepidez egiten dira.

Etxeberriko goiko aldetik, GR-20ak hormigoizko pista bat hartzen du hilerrira iristeko, eta handik zig-zag eginez igotzen jarraitzen du, muino baten goiko aldera iritsi arte. Mendi-lepo bateraino iritsiko gara eta, altuera galdu gabe, bideak haritzen arteko igoera bati ekingo dio, eta beste lepo batera eramango gaitu. Hor eskuinera jo behar da, eta igotzen jarraitu. Apeztxoletako menhirraren albotik igaroko gara, eta pixka bat aurrerago pista utzi eta eskuinera doan bidezidor bat hartuko dugu. Igoera labur baten ondoren, bidezidorrak altuera galdu gabe jarraitzen du Goldaratz herriraino. Tarte hau oso polita da, baso artean egiten delako eta Larraun ibaiaren aldera bistak politak direlako.

Goldaratz herrira iristerakoan, herrira jaitsi gabe, bideari jarraitu behar zaio. Aldapa labur baten ondoren bidea basoan sartzen da, eta emeki beherantz egiten du. Goldaratz eta Iribas arteko tartea erosoa da, nahiko laua delako eta joera orokorra beheranzkoa delako. Hala ere, ibilbidea luzea denez, ongi prestatuta egon behar da azken tarte honetaz gozatzeko. Nekearekin ez da hainbeste gozatzen.

 

ARALARKO SAN MIGEL - IRIBAS (GR-20, 2. ETAPA)

DATU INTERESGARRIAK

Eguna: Maiatzak 21

Luzera: 30 kilometro

Desnibela: 950 metro gorantz eta 350 metro beherantz

Denbora: 8 ordu

Zailtasuna: Zailtasun berezirik gabekoa

Beharrezko materiala: Mendiko material arrunta

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!