Herriarteko txapelketako partiduak jokatuko dituzte bailarako pelotariek

Kronika - Erredakzioa 2023ko mai. 13a, 00:00

Altzon jokatuko dute gaur Hernaniko pelotariek.

Altzon jokatuko dute hernaniarrek, eta Lesakaren eta Iruñearen aurka goizuetarrek.

Gaur abiatuko dute CD Hernaniko pelotariek Gipuzkoako Herriarteko Txapelketako ibilbidea; final zortzirenak jokatuko dituzte Altzoren kontra. Konfiantzaz gainezka iritsiko dira Altzoko pelotariak gaurko partiduetara, Bergarari 5-1 irabazi ondoren. 

Kadeteen partiduarekin hasiko da lehiaketa, arratsaldeko 18:00etan. Hernaniko Ekhi Oses eta Oier Azpeitia arituko dira Altzoko Muruaren eta Elolaren kontra. Murua Euskal Herriko txapelduna da binaka, eta maila haundiko txapelketa osatzen ari da. Beraz, atzeko koadroetan gailentzen saiatu beharko dute hernaniarrek. 

Jubenil mailan Manterola eta Legarretak jokatuko dute, Olano II.k eta Iturriozek osatutako bikotearen kontra. Bikote orekatua da Altzokoa, baina Hernaniko pelotariak faborito izango dira. 

Azkenik, senior mailan, Xabier Apaolazak eta Josu Altunak jokatuko dute Zubeldia-Olano bikotearen kontra. Markel Lizeaga jardunalditik kanpo geratu da eskuko minagatik, eta faltan sumatuko du Hernanik, partidu zaila izango baita gaurkoa. 

Iruñearen eta Lesakaren aurka jokatuko du Goizuetak

Nafarroako Herriarteko Txapelketako partiduak izanen dira gaur Goizuetan. Goizean txikien txanda izango da; Iruñearen bisita izango dute, 10:30etatik aurrera. Arratsaldeko 18:30etan, aldiz, kadeteen, gazteen eta nagusien partiduak jokatuko dira. Hauek Lesakako pelotariei egin beharko diete aurre.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!