Gaur eskuratu dezakete Hernaniko neskek Play Off-ak jokatzeko txartela

Kronika - Erredakzioa 2023ko mai. 13a, 00:00

Denboraldi bikaina osatzen ari dira Ohorezko Erregional mailako neskak.

Antiguoko hartuko dute Zubipen, arratsaldeko 18:30etan. Aurretik mutilek jokatuko dute.

Partidu garrantzitsua jokatuko dute gaur, arratsaldeko 18:30etatik aurrera, Ohorezko Erregional mailako neskek. Esku eskura dute bigarren postua, eta Antiguokoren aurka garaipena edo berdinketa lortzen badute, ziurtatuta izango dute igoera faseko Play Off-etan jokatzeko txartela. Denboraldi bikaina osatu dute berdeek, eta igoerarekin borobildu nahi dute. 

Alabaina, gaurko norgehiagoka ez da nolanahikoa izango; Antiguokoren bisita jasoko dute Zubipen. Lehenengo itzulian 2-1 irabazi zuten antiguotarrek Berion, eta lehia estua espero da zelaian. 

Igoera fasean sartzea oso berri ona izango da CD Hernaniko emakumezko bi talde nagusientzat. Izan ere, Gorengo mailako taldeak lehenengo postuan bukatu du denboraldia; beraz, Play Off-etan Ohorezko Erregional mailako taldeak igotzea lortzen badu, bi taldeek jokatuko lukete datorren denboraldian kategoria bat gorago. 

Askoz ere zailagoa dute denboraldi amaiera Ohorezko Erregional mailako mutilek. Puntu asko galdu dituzte bigarren itzulian, eta ia aukerarik gabe iritsi dira azken hiru jardunaldietara. Gaur arratsaldean, 16:30etan, Vasconiaren bisita izango dute, eta ezinbestekoa dute garaipena lortzea, matematikoki aukera txiki bat mantentzeko. 

Gune epelean iritsi da bukaerara Mundarro

Gauzak asko okertu ezean, estuasun haundirik gabe mantenduko du maila Mundarrok. Sailkapenaren erdialdean daude, 11garren postuan, eta gaur bertan ziurtatu dezakete matematikoki salbazioa. Etxean jokatuko du, Zarkumendegin, Santo Tomas Lizeoaren aurka. Donostiarrak 12. postuan daude, Mundarroren puntu kopuru berarekin, eta partidu berdindua espero da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!