Bisitak, hitzaldiak eta ikastaroak Astigarragan eta Hernanin, datorren asteko Zilegi Asteetan

Kronika - Erredakzioa 2023ko mai. 13a, 00:00
Maite Villasante eta Iker Goñi AEKren Hernaniko egoitzan.

«Pasa den urtean antolatu genuen lehenengo aldiz, 20garren urteurrena ospatzeko, eta erabaki genuen urtero errepikatzea», aipatu dute Iker Goñi eta Maite Villasante irakasleek.

AEK euskaltegiak bigarren urtez jarraian Zilegi Astea antolatuko du Hernanin eta Astigarragan. «Iaz 20garren urteurrenaren ospakizunen barruan, Zilegi Astea antolatu genuen lehenengo aldiz eta erabaki genuen urtero egitea. Aurten berriz bigarren edizioa antolatu dugu» dio Iker Goñi irakasleak. 

Astigarragari dagokionez, «egin dugu Astigarragari buruzko Zilegi Astea izatea. Zilegi Eskolen helburuetako bat da herritarrengana iristea eta euskaltegiko ikasleak herritarrekin hurbiltzea», azpimarratu du Goñik. 

Elkartu eta elkar eraginean aritzea beti izan du helburu Zilegi Eskolak. Horri lotuta Iker Goñik aipatu duenez, «aurtengo Zilegi Astean behintzat ahalegin berezia egin dugu Astigarragari buruzko eskaintza egiteko. Horregatik, historia ikasiko dugu herriko gune eta eraikin batzuetan zehar ibilbide bat eginez». Astigarragako baserriak ere ezagutuko dituzte.  «Pasa den urtean ere egin genuen eta errepikatuko dugu formatua. Hitzaldi moduan izango da Erribera kulturgunean». 

Sagardoak ere, nola ez, protagonismoa izango du Zilegi Astean. «Astelehen goizean sagardo etxera bisita egingo dugu eta ostegun arratsaldean Zapiain sagardotegira joango gara bisitan. Sagardoa egiteko prozesua erakutsiko dugu».

Txalapartak ere garrantzi berezia izango du Goñiren esanetan, Zilegi Astean, asteartean. «Aritz eta Ximon Goikoetxea aita-semeak Erbetegi-Etxeberri baserrian txalapartaren nondik norakoak azalduko dituzte. Goikoetxeatarrek beraien historia kontatuko dute. Txalaparta beraien bidez joan zen zabaltzen. Artze anaiek haiengandik ikasi zuten eta beraien historia polita zabalduko dute. Txalaparta joko dute partehartzaileek beraien baserrian». 

Emarri taldearen historia eta ibilbidea zabalduko da asteazkenean, goizean Erriberan eta arratsaldean Emakumeon Etxean. «Harri tiraka aritu zen neska taldea izan zen eta Olatz Mitxelenak hitzaldi moduan azalduko du zer izan zen Emarri eta zer egin zuten. Bideoak eta irudiak ere proiektatuko dira. Emakumeen ahalduntzearekin lotutako gaia da». 

Astea bukatzeko ostiralean, gurasoei begira, Gurasolaguna gai hartuta murala egingo da Herri Eskolan. 

 

Euskera maila guztientzako antolatu da Zilegi Astea

Hernaniko Zilegi Astea astelehenetik ostegunera izango da. Maite Villasantek gogoratu du Zilegi Eskolaren funtsa «gune herritarra sortzea denez, herritarrak hartu nahi izan ditugu hizpide. Hernaniarrak edota hernaniar elkarte, erakunde edo komertzio bateko kideak badira gurera etortzeko gonbidapena egin diegu beraien espezialitateaz hitz egin dezaten».

Abokatuak, dentistak, euskara irakasleak eta ikasleak, kirolariak... egongo dira. «Herriko saretze lan hori egingo da, herrian bertan egindako gauza bat herritarrentzat eta herritik jorratu daitekeela erakutsiz». 

Maila guztientzako antolatu da ohiko hiztun izan edo ikasle berri izan. «Sukaldaritza edo dantza ikastaroak ez dute euskera ezagutza maila haundirik behar. Edonork parte hartu dezake bertan. Aisialdia euskeraz egiteko aitzakia bat dira. Gero badaude beste hitzaldi batzuk abokatuekin, historialariekin edo euskaltzaleekin euskera maila altuagoa behar dena». 

Hernaniko Zilegi Astearen ezaugarri nagusienetakoa da euskaltegitik atera nahi izan dutela eta beste espazio batzuk baliotu dituzte. «Biterira, hilerrira, Goiz Eguzkira, Santa Barbara elkartera, Langile ikastolara... joango gara herrian zehar, ikusgarritasuna emateko Zilegi Asteari, eta euskaltegian bertan ere antolatu dugu hitzaldiren bat».  Zilegi Astea ez da bakarrik euskera ikasleentzat, denentzat dago zuzendua eta hori nahi dute indartu astearen antolakuntzarekin. «Elkarren arteko komunikazioa euskeraz indartzen da». Saio guztiak doakoak dira.

 

ZILEGI ASTEA

ASTIGARRAGA

MAIATZAK 15, ASTELEHENA

09:30 SAGARDOAREN ETXERA BISITA.

18:00 ASTIGARRAGAKO GUNE HISTORIKOAK. Lurdes Odriozola. Kultur etxe zaharretik.

MAIATZAK 16, ASTEARTEA

09:30 ASTIGARRAGAKO BASERRIAK. Antton Arka. Erribera kultur gunean.

18:00 SAGARDOETXERA BISITA.

19:00 TXALAPARTA. Aritz eta Simon Goikoetxea. Erbetegi-Etxeberria baserrian.

MAIATZAK 17, ASTEAZKENA

09:30 EMARRI. Olatz Mitxelena. Erribera kulturgunean.

18:00 ASTIGARRAGAKO BASERRIAK. Antton Arka. Erriberan.

18:00 EMARRI. Olatz Mitxelena. Emakumeon Etxean.

MAIATZAK 18, OSTEGUNA

09:30 ASTIGARRAGAKO GUNE HISTORIKOAK. Kultur etxe zaharretik.

18:00 ZAPIAINERA BISITA. Egoi Zapiain.

MAIATZAK 19, OSTIRALA

16:45 GURASOLAGUN HORMAIRUDIA. Herri Eskolan.

 

ZILEGI ASTEA

HERNANI

MAIATZAK 15, ASTELEHENA

09:30 PANDEROA ETA ERRITMOAK. Gai-emailea: Jon Patxe. Biteriko areto nagusian.

IPUIGINTZA. Gai-emailea: Uxue Apaolaza. Goiz Eguzkin.

14:30 ELIKADURA OSASUNGARRIA: MOTA ETA MITOAK. Gai-emailea: Eider Balerdi. Hernaniko AEKn.

18:00 ELITEKO KIROLA:MAHAI-INGURUA. Ainhoa Azurmendi, Garbiñe Etxeberria, Amaia Irazustabarrena, Alazne Macicior. Aurkezlea: Imanol Arruti. Biterin.

ARTISAU-KROKETA TAILERRA: Gai-emailea: Kroketxea. Santa Barbara elkartea.

MAIATZAK 16, ASTEARTEA

09:30 ELIKADURA OSASUNGARRIA: MOTAK ETA MITOAK. Gai-emailea: Eider Balerdi. Biterin.

DONOSTIAKO PINTXOAK. Gai-emailea: Juani Vega. Santa Barbara elkartean. 

14:30 SARE SOZIALAK EUSKARAZ. Gai-emailea: Jokin Pedreño. Hernaniko AEK.

18:00 EMAKUMEAK HISTORIAN (1931-1970). Gai-emailea: Garoa González. Langile ikastolako aretoa.

INDARKERIA MATXISTAREN ERREALITATE JURIDIKOA EZAGUTZEN. Gai-emailea: Garazi Plazaola (Irule abokatuak). Biterin.

MAIATZAK 17, ASTEAZKENA

09:30 KOSMETIKA NATURALA. Gai-emailea: Maite Villasante. Biterin.

DEFENTSA PERTSONALA. Gai-emailea: Manu Iglesias. Ttarla dantza taldearen lokala.

14:30 XXI. MENDEKO ORTODONTZIA. Gai-emailea: Maider Porrua eta Maddalen Ces (U10 hortz-klinika). Hernaniko AEKn.

18:00 HIZLARI BATEN AMORRU ETA AMARRUAK. Gai-emailea: Joxerra Garzia. Goiz-eguzkin.

SUKALDARITZA BEGETARIANOA. Gai-emailea: Arrate Imaz. Santa Barbara elkartea.

MAIATZAK 18, OSTEGUNA

09:30 GORPUTZ-ADIERAZPENA. Gai-emailea: Uxuri Irastorza. Milagrosan.

36KO FUSILATUAK HERNANIN. Gai-emailea: Urko Apaolaza. Hilerrian.

18:00 GORPUTZ-ADIERAZPENA. Uxuri Irastorza. Langilen.

ESKALADA. Gai-Emailea: Laura Maioz. Pico del Aguila.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!