Urumea bailara zeharkatuko du Itzuliaren azkeneko etapak, igandean

Kronika - Erredakzioa 2023ko mai. 12a, 00:00

Txirrindulariak Zinkoeneatik pasatzen, 2021eko Donostiako Klasikoan.

Gaurtik igandera jokatuko da Euskal Herriko Itzulia, eta etzi pasako da Hernanitik eta Astigarragatik.

Munduko txirrindularirik onenak pasako dira Urumea bailaratik, igande honetan, Euskal Herriko Itzuliaren hirugarren etapa lehiatzearekin batera. Gaur hasiko da emakumezkoen probaren bigarren edizioa, Etxebarrian; eta hiru etapa jokatuko dira. Markina-Xemeinen izango du helmuga aurreneko etapak; Gasteizen hasi eta Amurrion bukatuko da bigarrena bihar; eta Donostian izango ditu irteera eta helmuga hirugarrenak, etzi.

Azkeneko horretan zeharkatuko du bailara lasterketak. Arratsaldeko 16:13etan hasiko da etapa, eta hasi eta berehala pasako da Urumeatik. Arratsaldeko 16:24ak aldera iritsiko da Hernanira, Sorgintxulotik sartu, Latsunbe zeharkatu eta Zinkoeneatik Astigarragarako bidea hartuta. Eta bost minutu beranduago pasako da Astigarragatik, Martindegitik sartu, Tranbia eta Donostia ibilbideak zeharkatu, eta Pelotari kaletik Perurenarako bidea hartuta.

Guztira, 115 kilometroko etapa osatuko dute, Jaizkibel, Gurutze eta Mendizorrotz mendateak igota. Helmugatik 28 kilometrora dago azkeneko hori, eta bertatik Oriora jaitsiko dira, Donostiarako bidea hartu eta helmugara iristeko.

Puntako tropela izango da Eus­kal Herriko errepideetan, hi­ru egun hauetan. Partehartzai­le­en artean izango dira, aurreko astean Espainiako Vueltan lehenengo bi postuetan bukatu zu­ten bi txirrindulariak: Demi Vollering eta Annemiek Van Vleuten. Beraiek izango dira proba irabazteko fa­borito, baina maila haundiko beste txirrindula­ri asko ere izango dira: Marlene Reu­­sser, Ricarda Bauernfeind, Tamara Dro­­nova, Kasia Niewiadoma, Mar­ta Cavalli, Evita Muzic, Liane Li­ppert, Olivia Baril, Krista Doebel-Hickok, Veronica Ewers...

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!