Bihar hasiko dute Herriarteko Txapelketa eskuz, Goizuetak Lesakaren kontra eta Hernanik Altzon

Kronika - Erredakzioa 2023ko mai. 12a, 00:00

Xabier Apaolaza hernaniarrak jokatuko du nagusietan, Herriartekoaren final zortzirenetako joanekoan, Josu Altunarekin.

Ligaxkari ekingo dio Goizuetak etxean, bihar 18:30etan; eta final zortzirenetako joanekoa jokatuko du Hernanik, 18:00etan Altzoko frontoian.

Asteburu honetan hasiko dira Nafarroako zein Gipuzkoako Herriarteko Txapelketak, eskuzko lehian; eta bihar egingo dute debuta Goizuetak eta Hernanik.

Etxean ariko dira goizuetarrak, 18:30etan hasita; eta Lesakaren bisita jasoko dute, ligaxka hasteko. Kadeteetan ariko dira Adur Sagardui eta Anartz Lujambio; jubeniletan Beñat Apezetxea eta Egoitz Elizegi; eta nagusietan Ekaitz Narbarte eta Antton Apezetxea.

Lau taldeko multzoak osatu dituzte aurreneko faserako, eta itzuli bakarra jokatuko dute, hiru jardunaldi guztira. Hiru horietatik, bi jokatuko dituzte goizuetarrek etxean, eta bakarra kanpoan: Leitza hartuko dute Goizuetan datorren asteburuan, eta Baztanen ariko dira hurrengoan. Hiru multzo daude guztira, eta final laurdenetara sailkatuko dira multzo bakoitzeko aurreneko bi taldeak, eta hirugarren sailkatutakoen artean bi onenak.

Hernanik, berriz, final zortzirenetako kanporaketa jokatuko du, Herriartekoa hasteko. Altzo izango du kontrario, Bergara 5-1 menderatzetik datorrena; eta etxetik kanpo jokatuko du joanekoa: bihar arratsaldeko 18:00etan hasita, Altzon. Ekhi Oses eta Oier Azpeitia ariko dira kadeteetan, Muruaren eta Elolaren kontra. Partidu zaila izango dute, Euskal Herriko txapelduna baita Murua binaka, nahiz eta oraingoan ez den bere ohiko bikotekidearekin arituko, ez baita altzotarra. Jubeniletan, zehaztu gabe dauka estreinakorako bikotea Hernanik, atzo beste partidu bat baitzeukaten, eta horren arabera hartuko dute erabakia: Unax Manterola, Julen Deskarga, Oier Alegria eta Oihan Legarreta dira jokatzeko hautagaiak, eta Olano II eta Iturrioz izango dituzte kontrario. Hernani izango da faborito, maila honetan. Eta nagusietan, azkenik, Xabier Apaolazak eta Josu Altunak jokatuko dute, Markel Lizeagak eskuak minduta dauzkalako. Baja garrantzitsua da Lizeaga, eta partidu zaila daukate hernaniarrek, maila oneko bikotea baita altzotarra.

 

Herriarteko Txikia ere bihar etxean, Goizuetak

Herriarteko nagusia ez ezik, Herriarteko Txikia ere jokatuko du Goizuetak. Kasu horretan ere, etxean ekingo dio bihar, 10:30etan, Iruñearen kontra. Oier Zabala eta Luken Elizegi ariko dira benjaminetan; Alize Sagardui eta Mikel Zurutuza alebinetan; eta Mattin Garmendia eta Axel Salaberria infantiletan. Ligaxka izango dute haiek ere, lau taldeko multzoan: Irurtzun hartuko dute datorren asteburuan, eta Donezteben ariko dira hurrengoan.

 

Berria Txapelketako kanporaketa igandean, Hernanik

Asteburu gogorra izango du Hernanik, Herriartekoa ez baita daukaten konpromiso garrantzitsu bakarra. Izan ere, igandean hasiko du bere ibilbidea Berria Txapelketan, final zortzirenetan. Arratsaldeko 17:00etan hasita, Gasteizko Txukun Lakuaren kontra jokatuko du, Hernanin bertan. Lekunberriko Larraun taldea kanporatzetik datoz gasteiztarrak.

Joseba Arretxek eta Oier Azpeitiak jokatuko dute kadeteetan, Azpeitiak eskuak sano baldin badauzka behintzat, biharko partiduaren ondoren. Ruiz II eta Moto izango dituzte kontrario, eta partidu zaila izango dute: oso indartsua da Moto, joan den urtean Espainiako txapeldun izandakoa infantiletan. Jubeniletan, berriz, laukotetik Herriartekoa jokatu ez duten biak ariko dira, Ruizek eta Palaciosek osatutako bikote indartsuaren kontra. Eta seniorretan, azkenik, Xabier Salaberria eta Xabier Ortiz de Urbina ariko dira Hernanirekin, Diez de Gereñuren eta Markaidaren kontra. Partidu berdindua espero da, maila haundikoa. Kanporaketa ederraz gozatzeko aukera izango dute ikusleek, kiroldegiko frontoian.

 

Iker Salaberriak, Buruz Buruko semifinala gaur zortzi

Asteburu honetan ez, datorrenean jokatuko du Iker Salaberria goizuetarrak, Promozioko Buruz Buruko Txapelketaren semifinala. Julen Egiguren azpeitiarra izango du kontrario gaur zortzi, maiatzaren 19an, gaueko 21:15etan Altsasun. Jaialdi berean jokatuko dute txapelketako beste semifinala, Asier Agirrek eta Joanes Bakaikoak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!