Ibon Miner Kopako txapeldun, Joxe Mari Etxebesteren aurretik

Kronika - Erredakzioa 2023ko mai. 11a, 00:00

Beatriz Unzue eta Ibon Miner, Gipuzkoako Kopako txapeldunak, Aian.

Gipuzkoako Koparen lidertzari erraz eutsi dio ereñotzuarrak, eta bigarren bukatu du astigartarrak.

Joan den igandean bukatu zen bolako Gipuzkoako Txapelketa, Aian; eta pronostikoak bete zituen Ibon Miner ereñotzuarrak: beste tiraldi on bat egin, sailkapen nagusian zeukan aldeari eutsi, eta txapeldun izan da, 179 brilarekin. Lau tiraldietan oso erregular aritu da, beti onenen artean; eta alde nabarmenarekin irabazi du Kopa azkenean.

Gizonezkoen sailkapeneko bigarren postuan, gainera, bailarako beste bolari bat ageri da: Joxe Mari Etxebeste astigartarra izan zan txapeldunorde, 170 brilarekin. Aner Miner ereñotzuarra ere sailkatu da aurreneko 10 postuetan: zazpigarren bukatu du, 165 brilarekin. Sailkapen horretan, bailarako beste bost bolari ageri dira: Mikel Arroio 16garren (156), Patxi Loreak 18garren (153), Migel Arrozpide 21garren (149), Fermin Zuloaga 25garren (140), eta Leandro Miner 32garren (119).

 

Martxeli Kanflankak, sekulako tiraldia Aian

Emakumezkoetan, berriz, zazpigarren postuan bukatu du Mar­txeli Kanflanka ereñotzuarrak azkenean, baina modurik onenean eman dio bukaera Gipuzkoako Kopari: bigarren izan zen Aiako tiraldian, 43 brilarekin, Aitziber Ugalde irabazleak (44) baino bat gutxiago. Kanflanka bera izan zen, bailarako bolari guztien artean, Aian brila gehien bota zituena, Ibon Minerrek berak (42) baino gehiago.

 

Leandro Miner seigarren, Gipuzkoako Toka Txapelketan

Bolako Gipuzkoako Kopari bakarrik ez, tokako Gipuzkoako Txapelketari ere eman zioten bukaera igandean, Aian bertan. Txapelketa osoan bezalaxe, Leandro Miner ereñotzuarra izan da bailarako onena azkeneko sailkapenean ere: seigarren bukatu du, 79 punturekin, Felix Maiz bosgarrenarekin berdinduta. Tiraldi ona egin zuen Minerrek Aian, aurreneko postuan berdinduta bukatu baitzuen beste hirurekin: 11 jo zituzten berak, Antonio Amundarainek, Txema Fernandezek eta Iñaki Maizek.

Sailkapen nagusian zortzi­garren izan da Ibon Miner az­ke­nean, 62 punturekin; eta 15ga­rren Martxeli Kanflanka, 42re­kin. Gainera, sailkapena batera­tua den arren, aurreneko emakumezkoa izan da Kanflanka. Naiara Peñagarikanok baino puntu bat gutxiago zeukan azkeneko tiraldiaren faltan, baina sei jo zituen ereñotzuarrak Aian, eta hiru Peñagarikanok.

 

Bolako Gipuzkoako Txapelketa, igande honetan Urnietan

Atsedenerako tarterik ez daukate bolariek, aste honetan bertan jokatuko baitute Gipuzkoako Txa­pelketa: igandean izango da, Urnietako bolatokian, goizeko 09:00etatik 11:00etara, eta arratsaldeko 16:30etatik 17:30etara.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!