Atzerapausoa eman du Hernanik, Oiartzunen aurka 3-1 galduta

Kronika - Erredakzioa 2023ko mai. 9a, 00:00

Aurkari zuzen baten kontra galdu zuen Hernanik.

Hernaniko neskek, aldiz, erraz gainditu zuten Touring; 0-5.Mundarrok 3-1 galdu zuen Martutenen.

Kolpe haundia jaso zuten Hernaniko Ohorezko Erregional mailako mutilek larunbatean. Aurreko jardunaldiko garaipenarekin, konfiantzarekin iritsi ziren Oiartzunera, aurkari zuzen bat mendean hartzeko asmoarekin. Hala ere, konfiantza ez zen nahikoa izan Oiartzun on bati aurre egiteko, eta 3-1 emaitzarekin amaitu zen norgehiagoka. 

Itsusi jarri da sailkapena Hernanirentzat; bosgarren postura jaitsi da taldea. Eibarrek kontrolpean dauka lehenengo postua, 62 punturekin, Añorga bigarren postuan finkatzeko bidean da 56 punturekin, eta hirugarren postutik aurrera estutzen dira kontuak: Oiartzunek 50 puntu ditu, 48 puntu Amaikak Batek eta 48 Hernanik. Seigarren postuan Elgoibar dago, 47 punturekin. 

Oso bestelakoa da Ohorezko Erregional mailako nesken egoera. Bi jardunaldiren faltan, asteburu honetan ziurtatu dezakete matematikoki bigarren postua. Touringi erraz irabazi zioten berdeek, 0-5, oso maila onean daudela erakutsita; 71 puntu dituzte dagoeneko. 

Asteburu honetan Antiguokoren aurka jokatuko dute Zubipen, eta aukera paregabea izan daiteke bigarren postua ziurtatzeko. Hala balitz, igoera ligaxka jokatuko luke Hernanik, Arabako eta Bizkaiko talde onenen aurka. 

Mundarrok ezin izan zuen irabazi

Hiru jardunaldi segidan igaro ditu Mundarrok galdu gabe, baina asteburuan ezin izan zion bolada onari eutsi. Etxetik gertu jokatu zuten, Martutenen, Rotetaren kontra. Etxekoak sendoago aritu ziren defentsan, eta erasoan sortutako aukerak baliatu zituzten. 3-1 amaitu zen partidua. 

Bi jardunaldi geratzen zaizkie moreei liga amaitzeko; lehena etxean Santo Tomasen aurka, eta bigarrena kanpoan, Orion, Orioko taldearen kontra.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!