Asteburu borobila bailarako esku pelotarientzat, profesionaletan zein maila afizionatuan

Kronika - Erredakzioa 2023ko mai. 9a, 00:00

Egoitz Elizegi eta Beñat Apezetxea, txapelak jantzita, lagunekin.

Promozioko Buruz Burukoaren semifinaletara sailkatu da Iker Salaberria, GRABNIko txapela jantzi du Ekain Lizeagak, eta Mendialdeko Binakako Txapelketan nagusitu dira Egoitz Elizegi eta Beñat Apezetxea.

Zita garrantzitsuak izan dituzte bailarako esku pelotariek, joan den asteburuan, profesionaletan zein maila afizionatuan. Eta emaitza borobilak eskuratu dituzte, hitzordu horietan.

Profesionaletan, Promozioko Buruz Burukoaren semifinaletara sailkatu da Iker Salaberria goizuetarra, Asier Agirre 22-18 menderatu ondoren, ligaxkaren azkeneko jardunaldian. Hori horrela, hiru partidutik bi irabazita, B multzoko lider bukatu du, eta Julen Egiguren izango du kontrario semifinalean, datorren asteburuan. Agirrek berak eta Joanes Bakaikoak jokatuko dute beste semifinala.

Afizionatuetan, berriz, GRABNI torneoa eta Mendialdeko Txapelketa izan dituzte mugarri. GRABNIan, Ekain Lizeaga astigartarrak jokatu zuen finaletako bat, Gipuzkoaren izenean; eta txapela jantzita bueltatu zen Gasteiztik. 22 urtez azpikoetan aritu zen, Unai Amiano irundarrarekin batera; eta 22-15 menderatu zuten bikote errioxarra.

Eta Mendialdeko Txapelketan, jokatutako bi finalak irabazi zituzten goizuetarrek, Leitzan. Kategoria gorenean, nagusien lehenengo mailan, 22-18 irabazi zuen Beñat Apezetxeak, Julen Urruzola asteasuarrarekin batera, Larraungo Astizen eta Paz Zigandako Peñaverren kontra. Eta gazteen finalean, 22-20 nagusitu zen Egoitz Elizegi, Gaztelekuko Joanes Cestaurekin batera, Oberenako Sarasibarren eta Larraungo Galarzaren kontra.

Gipuzkoako lau t'erdikoan eta Udaberrikoan sendo, hernaniarrak

Beste hainbat txapelketa ere jokatu dituzte asteburuan, eta oso sendo jarraitzen dute hainbat esku pelotari hernaniarrek, Udaberriko Txapelketan eta Gipuzkoako lau t'erdikoan. Udaberrikoan, partidurik gabe jarraitzen dute Ibon Kerejetak eta Eneko Oiagak, hirutik hiru irabazi baitituzte, alebinen lehenengo mailan. Gure Txeruko Txueka eta Zulaika menderatu zituzten ostiralean, Hernanin (16-10). Hori horrela, Abantzuko Arrietarekin eta Eizagirrerekin daude berdinduta, A multzoko lidertzan. Bi aste barru jokatuko dute elkarren kontra, ligaxkako azkeneko jardunaldian, eta litekeena da partidu horretan erabakitzea zeinek bukatuko duen aurreneko postuan.

Gipuzkoako lau t'erdikoan, era berean, jokatutako guztiak irabazi dituzte Ekhi Oses infantilak, Unax Pascual, Amets Galatas eta Manex Alberdi kadeteek, eta Xabier Apaolaza, Xabier Salaberria eta Jon Jara seniorrek ere. Nagusien lehenengo mailan ari dira Apaolaza eta Salaberria, eta bikain ekin diote txapelketari, Paul Ojuelek bezalaxe. Atseden hartu du Ojuelek asteburu honetan, aurreneko bi partiduak irabazi ondoren. Kategoria gorenean, puntako mailan dabil Hernani.

Zaramagako Torneoan, bestalde, garaipen garrantzitsua lortu zuen Xabier Apaolaza hernaniarrak, Arrien bizkaitarrarekin batera, Madrazoren eta Ortiz de Urbinaren kontra (22-3). Horrela, txapelketa pribatuaren semifinaletara sailkatu da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!