Sagardoaren Txapelketa pil-pilean dago

Kronika - Erredakzioa 2023ko mai. 6a, 00:00

Zubiri maila bikainean ari da jokatzen.

Etzi jardunaldi berri bat jokatuko da 18:00etatik aurrera, Galarretan, Zubiri eta Barrenetxearekin.

Sagardoaren Txapelketako jardunaldi berri bat jokatuko da etzi, 18:00etatik aurrera, Galarretan. Bi partidu daude iragarrita eta lehenengoan Urriza eta Martirena (Alorrenea) bikoteak, Ezkurra II-Zubiri (Gurutzeta X Txuleta) bikotearen aurka jokatuko dute. Bigarren partiduan, Goikoetxea-Barrenetxea (Oialume Zar) bikoteak, Aldabe-Azpiroz (Petritegi) izango dituzte aurkari. 

Urriza eta Martirena kinka larrian daude sailkapenean, azken postuan, puntu bakarrarekin. Irabazi beharra dute kanpoan geratzeko arriskua saihesteko. Hirugarren partidua izango dute eta Ezkurra-Zubiri bikoteak bost puntu batu ditu dagoeneko, bigarren postuan kokatu direlarik. Doneztebearrak eta goizuetarrak ez dute presio haundiegirik. 

Bigarren partiduan, Goikoetxea eta Barrenetxea liderrek, bosgarren postuan dauden Aldabe eta Azpiroz izango dituzte aurkari. Zazpi eta hiru puntu dituzte eta gorrien garaipenak finalerdietarako sailkapena suposatuko luke, bikote urnietar-hernaniarrarentzako. Nahiz eta hiru punturekin bosgarren postuan egon, Aldabek eta Azpirozek maila altua eskaini dute eta itxura ona erakutsi dute aurreko bi partiduetan. 

Bi partiduak ETB1n eskainiko dira, Erremontari saioan, 22:15etatik aurrera.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!