Unai Amiano eta Ekain Lizeagak Grabniko finala jokatuko dute gaur Gasteizen Gipuzkoa ordezkatuz

Kronika - Erredakzioa 2023ko mai. 6a, 00:00

Ekain Lizeagak Grabniko finala jokatuko du gaur Gasteizen.

Ezker horman, 22 urtez azpikoen mailan, 16:00etatik aurrera Oguetan, Errioxaren
aurka neurtuko dituzte indarrak.

Ekain Lizeaga astigartarrak Grabni Txapelketako finala jokatuko du gaur Gasteizen, Ogueta frontoian. Ezker horman, binaka, 22 urtez azpikoen finala Unai Amiano irundarrarekin batera jokatuko du, Errioxaren aurka. Jaialdia 16:00etan hasiko da eta laugarrena izango da Amianok eta Lizeagak jokatuko dutena.

Errrioxarrak zuzenean sailkatu ziren finalera, ligaxkan aurreneko postuan geratu eta gero. Gipuzkoak Nafarroa kanporatu zuen finalerdian. Ligan elkarren aurka aritu ziren eta errioxarrek 22-11 lortu zuten garaipena, Briongos eta Lizeagaren kontra. Astigartarrak Egiguren ere izan du bikote txapelketan zehar. Hala ere, hasiera batean Amiano izango du bikotekide gaurko finalean. Errioxarrek maila haundia erakutsi dute txapelketan zehar eta faborito dira.

Elizegi eta Apezetxea, bihar Mendialdeko finalean

Mendialdeko Txapelketako finalak bihar, 16:00etatik aurrera jokatuko dira Leitzan, Amazabal frontoian. Bertan bi goizuetar ariko dira txapelen bila. Gazteen mailan Egoitz Elizegik, Gaztelekuko Jon Cestaurekin bikote osatuz, Oberenako Sarasibar eta Larraungo Galarza izango dituzte aurrez aurre.

Nagusien lehenengo mailan, Beñat Apezetxea goizuetarrak ere jokatuko du finala Erreka taldea ordezkatuz. Pagazpeko Urruzolarekin osatzen du bikote eta Aurrerako Alberdi eta Paz Zigandako Peñalver izango dituzte aurkari finalean. Mendialdeko txapelketan beste hiru final ere jokatuko dira. Larraun eta Aurrera taldeak dira finalista gehien dituzten taldeak. 

 

Hernaniko San Joan Txapelketa hasiko dute benjaminek eta alebinek

Bestetik, C.D. Hernaniko pelotariak 24 partidu ari dira jokatzen atzotik bihar arte, une honetan jokatzen ari diren txapelketa ofizial eta pribatuetan.
Hainbat hilabeteren ostean eta alebin, infantil, kadete eta jubenil mailetako sailkapen fasea amaitu ondoren, San Joan txapelketako azken kanporaketa faseari hasiera emango zaio.

Gaur, 12:30etan, final laurdenetako partidu bat jokatuko da, gazteen mailakoa, 4,5eko modalitatean. Unax Manterolak Ohian Legarretaren aurka jokatuko du. Irabazlea finalerdietara pasako da eta galtzailea kanporatuta geratuko da.

Hernaniko pelota eskolako haur guztiek, 16 benjaminek eta 24 alebinek, zazpi astetan zehar txapelketa hau jokatuko dute eta jardunaldi bakoitzean 16 partida jokatuko dira. Gaur 17:00etan hasiko dira.

Profesionaletan Iker Salaberriak bihar, Adarragan irabazi beharra du Agirreren kontra, Banakako Promozio txapelketan, finalerdietarako sailkatu nahi baldin badu. Orain arte bi partidu ditu jokatuak garaipen eta porrot banarekin. Irabazi arren oraindik partidu erabakigarriak geratzen dira sailkatuko den edo ez jakiteko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!