Oiartzunen aurka partidu garrantzitsua gaur, Hernanik

Kronika - Erredakzioa 2023ko mai. 6a, 00:00

Urolaren aurkako garaipenak indarra emango dio Hernaniri.

Karla Lekuonan jokatuko dute hirugarren eta laugarren sailkatuek 16:00etatik aurrera. 

Futbol denboraldia azken txanpan sartu da eta partidu garrantzitsuak dituzte aurretik talde askok. Horietako bat Hernani da Ohorezko mailan. Gaur Karla Lekuonan Oiartzunen erabakigarria izan daitekeen partidua jokatuko du. Hernaniarrak hirugarren postuan daude, oiartzuarrak laugarrenak dira puntu bakarrera. Hirugarren postuak igoera fasea jokatzeko aukera eskaintzen du. 

Hiru partiduren faltan lau puntuko abantaila ireki dezakete hernaniarrek, baina horretarako irabazi beharra dute. Ez da erraza izango bigarren itzulian erakutsitako ibilbideari erreparatuz gero. Hala ere oiartzuarrek ere ez dute esperotako maila erakutsi. 

 

Talde gehienek etxetik kanpo

Maila berean, neskek, Fanderian izango dute partidua Touringen aurka. Aukera ederra da bigarren postua ziurtatzeko. Hernanik maila hobea du errenteriarrak baino eta garaipenak igoera fasea jokatzera eramango lituzke txuri-berdeak. 

Preferente mailan Mundarrok garaipen itzela lortu zuen aurreko astean eta jokoan ezer ere ez egon gabe Roteta izango du aurkari Matigoxotegin.

Jendearen animoak behar dituen taldea Jubenil Nazionala da. Azken emaitzak ez dira onak izan eta azken postuetara gehiegi hurbildu da. Ez dago jeisteko arriskurik, baina Eibarren aurka, Eibarren bertan emaitza ona lortzeak mutilak animatuko ditu.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!