Sara Azurza abeslariak kontzertu bana eskainiko du Hernanin eta Astigarragan, datozen egunetan

Kronika - Erredakzioa 2023ko mai. 3a, 00:00

Sara Azurza abeslari donostiarra. Argazkia: Santiago Farizano

Bihar bertan izango da aurrenekoa, Biterin, 19:30etan hasita; eta maiatzaren 12an bigarrena, Astigarragako Larrabide baserrian.

Zita bikoitza izango du Sara Azurza abeslari eta musikari donostiarrak, maiatzean, Urumea bailaran. Izan ere, kontzertu bana eskainiko du Hernanin eta Astigarragan, datozen egunetan.

Bihar bertan izango da aurrenekoa, Biteri kultur etxean. Arratsaldeko 19:30etan hasita, emanaldia eskainiko du Azurzak, lau musikariren laguntzaz: Iker Lauroba teklatuarekin eta gitarrarekin; Julen Barandiaran baxuarekin; eta Haritz Lauroba eta Andoni Etxebeste bateriarekin.

Sarrerak salgai daude, 8 euroan; eta Biterin bertan eskuratu daitezke, edota internet bidez, kultura.hernani.eus webgunean.

 

Larrabide baserrian, maiatzaren 12an

Datorren astean eskainiko du bigarren kontzertua bailaran, Sara Azurzak: Astigarragako Larrabide baserrian izango da, maiatzaren 12an, arratsaldeko 19:00etan hasita. San Isidro eguna maiatzaren 15a izanik, baserritarren egun seinalatua ospatzeko antolatu dute kontzertua egun batzuk lehenago, ostiralarekin, Larrabide baserriaren ondoan. Doakoa izango da sarrera.

Bere aurreneko lan luzea aurkeztu berri du abeslari donostiarrak, Hemen berriro, bederatzi kantuz osatutakoa. Bizitzako zi­­klo emozionalei buruzkoak di­ra abestiak, eta mota desberdine­tako barne emozio eta sentimenduei zuzendutako lana da. Estiloari dagokionez, pop, soul, funky eta elektronikarekin jolastu du, eta «frexkotasuna eta kalitate haundiko zuzeneko emanaldia» eskaintzen du abeslariak, nabarmendu dutenez.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!